Etxebizitzaren gaia guztien ahotan da azken aldian, prezioen gorakada zama handia bihurtua baita herritarrentzat, eta ardura bizia eragiten baitu. Herritarren kezka horri erantzunez, erakundeak gero eta neurri gehiago ezartzen ari dira etxebizitzaren alorrean. Legebiltzarretan eta udaletan izan da hizpide gaia, eta, atzo, Arabako Batzar Nagusiek ere jorratu zuten afera. EH Bilduk eta EAJk galdera bana egin zioten Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari, Arabako Foru Aldundiak etxebizitzaren arloan garatzeko asmoa duen politiken inguruan, eta Gonzalezek berritasun nabarmen baten berri eman zien: aldundiak bulego fisiko bat irekiko du Gasteizko Landazuri kalean, etxebizitzaren inguruko laguntzen kudeaketa bertan «zentralizatzeko» eta herritarrei tramiteak egiten laguntzeko.
«Martxoan Landazuri kalean irekiko dugun bulego fisikoaren bitartez, etxebizitzaren arloko foru laguntzen eta politiken inguruko informazioa zentralizatuko dugu», iragarri du ahaldun nagusiak Batzar Nagusietan. Araba garapen agentzia izango da bulegoaren arduraduna. Bulegoaren zerbitzuaren hartzaileen artean, «tokiko erakundeak» ere aipatu ditu Gonzalezek; hau da, udalentzat ere izango da.
Ahaldun nagusiak adierazi du, halaber, «etxebizitzaren inguruko politika publikoak bultzatzen» eta «etxebizitzarako sarbidea errazten» jarraitzea dela xedea, eta kritikak egin dizkie EH Bilduri eta haren bozeramaile Eva Lopez de Arroiaberi: etxebizitzaren gaian «oportunismoz» jokatzea leporatu dio koalizioari, eta Elkarrekin Ahal Dugu jarri du «kolaborazio» eredu gisa —talde horrek akordioa egin zuen foru gobernuarekin aurtengo aurrekontuak onartzeko—. Lopez de Arroiabek, berriz, «anbizio falta» leporatu dio aldundiari, eta txartzat jo udalei aukera gehiago ez ematea gai horretan neurriak hartzeko.Â