Arabako Foru Aldundiak Trantsizio Energetikoko Bulegoaren sorrerari oniritzia eman dio gaurko gobernu kontseiluan. Bulego horren bidez, energia arloko informazioa, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiko zaizkie herritarrei, enpresei, auzo komunitateei eta tokiko erakundeei, lurraldean trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko.
Bulegoak leihatila bakar gisa funtzionatuko du, eta erreferentziazko gune fisiko eta birtuala izango da energia efizientziaren, eraikinen birgaitzearen, energia berriztagarrien, autokontsumoaren, mugikortasun jasangarriaren eta energia komunitateen inguruko zalantzak argitzeko eta proiektuak garatzeko. Besteak beste, ekimen bakoitzaren fase guztietan emango du laguntza, hala nola, aukerak identifikatzeko, eta izapide administratiboak eta diru-laguntzak edo bestelako finantzaketa bideak eskuratzeko baliabideak eskainiko ditu.
Foru aldundiak jakinarazi du zerbitzu berriaren helburua dela orain arte energia komunitateen arloan egindako lana indartzea, eta laguntza teknikoa beste esparru batzuetara zabaltzea. Horretarako, informazio eta sentsibilizazio jarduerak, prestakuntza eta aholkularitza teknikoa eskainiko ditu, eta laguntza pertsonalizatua emango die energia aurrezteko edo energia berriztagarria sortzeko proiektuak abian jarri nahi dituztenei. Arreta berezia eskainiko die tokiko erakundeei, landa eremuei eta industria inguruneari, haien beharretara eta ezaugarrietara egokitutako konponbideak proposatzeko. Halaber, finantza tresnei, laguntza publikoei eta proiektuen benetako kostuak kalkulatzeko ereduei buruzko orientazioa emango du.
Zerbitzuaren baitan diziplina anitzeko talde tekniko bat ariko da lanean, eta haren egitekoa izango da lurralde osoan aholkularitza, dibulgazio eta laguntza lanak egitea. Aldundiak urtebeteko epean aurreikusi du bulegoa martxan jartzea, eta 270.000 euro bideratuko ditu hartarako.