Arabako kontzejuen arau berria erregistratu du EH Bilduk, foru gobernuarekin hitzartuta

Foru gobernuak eta EH Bilduk iazko ekainean adostu zuten foru araua eguneratzea. Besteak beste, kontzejuek administrazio langile propioak izan ahalko dituzte, eta kontzeju errolda sortuko da herrian bizi direnek bertako ondasunak kudeatu ditzaten.

EH Bilduko Eva Lopez de Arroiabe, Batzar Nagusietan, taldekideekin. RAUL BOGAJO / FOKU
EH Bilduko Eva Lopez de Arroiabe, Batzar Nagusietan, taldekideekin. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2026ko apirilaren 16a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk eta Arabako Foru Aldundiak iazko ekainean erdietsi zuten kontzejuen araua eguneratzeko akordioa, baina, urtebeteren ondoren, ekinbidea oraindik erregistratu gabe zegoen. Hori dela eta, EH Bilduk gaur bertan erregistratu du araua, eta, hala, tramitazioari bide eman dio. Eva Lopez de Arroiabe eta Javier Argote EH Bilduko batzarkideek eman dute erabakiaren berri.

Indarrean dagoen foru araua 1995ekoa da, eta, esplikatu dutenez, eguneratu eta hobetu beharra zegoen Arabako kontzejuak egungo beharretara egokitu daitezen. Esaterako, udal erroldaren kudeaketan hainbat hobekuntza egongo dira: batetik, kontzeju errolda bat sortuko dute, gutxienez zazpi hilabetez herrian bizi direnek bertako ondasunak kudeatzeko modua izan dezaten, eta, bestetik, Arabako Foru Aldundiak prestakuntza eskainiko die herritarrei, haien parte hartzea hobetzeko.

Horrez gain, Arabako kontzejuen aldarrikapen historiko bati erantzuna emango diote, eta kontzejuek administrazio langile propioak izan ahalko dituzte. Bide beretik, Arabako Aldundiak konpromisoa hartu du leihatila bakar bat sortzeko, kontzejuek egin beharreko tramiteen kudeaketa erraztu eta dokumentazio bera behin baino gehiagotan aurkeztu behar izan ez dezaten. Gainera, kontzejuek ofizioz eskatu ahal izango dituzte obra baimenak. Gobernu onerako eta desadostasunak konpontzeko organo bat sortzea ere aurreikusi dute: zenbait kide izango ditu organo horrek, aholkularitza lanak egingo ditu, eta kontzejuen barruan sor daitezkeen desadostasunak eta gatazkak konpontzen lagunduko du.

«Kontzejuen bizimodua hobetzeak despopulazioaren aurka eta lurralde orekaren alde borrokatzea ahalbidetuko du, eta arabarren bizimodua hobetuko», azaldu du Lopez de Arroiabek. EH Bilduren bozeramaileak esplikatu du ekinbidea ez dela EH Bilduk aurkeztuko zukeen araua, baina negoziazioen fruitu dela, eta «pozik» daudela emaitzarekin. «Akordioa su txikian landu da, eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeek tresna gehiago eta hobeak izateko modua emango du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA