Arabako Murgan baterien biltegia eraikitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Sevillako Lemon Tree Power enpresak aurretiazko baimena jaso du Aiarako herrian 30 megawatteko potentzia izango duen bateria finkoen biltegia eraikitzeko. 23 milioi euroren aurrekontua du egitasmoak.

Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 19a
14:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan den astean Labrazako (Oion) parke eolikoak oihartzuna eragin zuen Araban. Bost aktibistak beren burua kateatu zuten bertako haize errota batean, gizarteko sektore batzuetan energia berriztagarrien inguruko proiektu eta azpiegiturek eragiten duten arbuioaren erakusgarri. Egitasmoen zerrendak, ordea, handitu eta handitu jarraitzen du, eta Aiarako Murga herrian eraikitzekoak diren bateria finkoen biltegia izan da aurrera ateratzen azkena. Izan ere, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak gaur iragarri du Eusko Jaurlaritzak aurretiazko baimena eman diola PB Navegantes 31 izeneko proiektuari.

Sevillako (Espainia) Lemon Tree Power enpresa da bateria biltegiratzeko gune horren bultzatzailea. 30 megawatteko potentzia biltegiratzeko gaitasuna izango du guneak, eta 23 milioi euroren aurrekontua du. BESS edo bateria bidez energia biltegiratzeko sistema finkoak funtsezko osagai bilakatu dira energia berriztagarrien zabalkuntzan. Izan ere, energia sorkuntza altua denean, soberakina biltegiratzeko modua ematen dute, eta haietan gordetako energia funtsezkoa da sorkuntza baxua denean eskaintza orekatzeko. Hain zuzen ere, berriztagarrien energia ekoizpenaren bat-bateko jaitsiera izan zen, hipotesi nagusien arabera, iragan den urteko itzalaldi handiaren kausetako bat. Bateria biltzeko guneek horrelako gertaerak eragoztea dute helburu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA