Beroaldiak ez du etenik izanen gaur, eta zenbait jarduera bertan behera utzi behar izan dituzte

San Joan suak debekatu dituzte hainbat udalerritan. Beroagatiko alarma gorriari eutsi diote Euskal Herriko administrazio guztiek, ostegunera arte.

Termometro bat kalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Termometro bat kalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai - Ion Orzaiz
2026ko ekainaren 23a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaina amaitu gabe ere, markak hautsi dituzte tenperaturek egunotan. Alerta ezarria da Euskal Herri osoan, halako beroteek ondorio larriak ekar ditzaketela eta. Atzo, Iruritan eta Casedan (Nafarroa) erregistratu zituzten Euskal Herriko tenperaturarik beroenak: 42,4 eta 42,3 gradu, hurrenez hurren. Zizurkilen eta Alegian (Gipuzkoa) 41,9 gradura iritsi ziren termometroak, eta Bankan, berriz, (Nafarroa Behera) 41,4 graduko gehienezko tenperatura pairatu zuten. Noainen, Iruñean eta Bardean kokatutako estazio meteorologikoek (Nafarroa) 41 graduko tenperaturak erregistratu zituzten; eta azkenik, 40 graduen langa gainditu zuten Larragan, Arangurenen, Irurtzunen, Nabaskozen, Monteagudon, Beran, Izaban, Erriberrin (Nafarroa); Arrasaten, Elorrion, Azpeitian (Gipuzkoa); Laudion (Araba); eta Balmasedan (Bizkaia).

Gaurko eguraldi iragarpenen arabera, gainera, beroaldiak ez du etenik izanen. Euskalmeten arabera, bero itogarriak segida izanen du gaur Euskal Herrian, eta tenperaturak 35 eta 40 gradu artekoak izanen dira egun osoan. Zerua oskarbi izanen da goizez, baina hodeiek sartuko dira egunak aurrera egin ahala, Pirinioetan, batez ere.

Eskolak eta azterketak bertan behera

Bero sapa horren ondorioz, bertan behera gelditu dira zenbait ekitaldi eta jarduera. Baionako Herriko Etxeak, esaterako, ostiralean erabaki zuen atzo eta gaur hiriko 11 eskolaren hestea, eraikin horietan ezin zaielako «haurrei harrera egin berote handien denboran». Eskola horietako haurrak Jean Dauger errugbi zelaiko gela klimatizatuetan aterpetuko dituzte baldin eta gurasoek ezin badituzte etxean zaindu.

Baionako Rene-Cassin institutuan, bestalde, atzo arratsaldean egitekoak ziren ahozko azterketak, baina horiek ere bertan behera gelditu dira. Gaur eta bihar ere ezin izanen dituzte egin. Datorren astera mugitu dituzte, baina ez dute data zehatzik eman.

Hegoaldean eskolak bukatuak diren arren, zabalik dira oraindik haur eskola asko Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Haurreskolak partzuergoak erabaki du gelak lehenago hestea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetan. 13:00etan itxiko dituzte, zehazki, eguneko ordurik beroenetan haurrak ez daitezen han egon. Neurri horiek Nafarroako eskoletan ere aplikatzeko galdegin du 0-3 plataformak. Salatu dutenez, 28 eta 30 gradu arteko tenperaturak erregistratu dituzte haur eskoletako geletan, eta gaineratu dute horrek arriskuan jar dezakeela haurren eta langileen osasuna.

San Joan suak, kolokan

Euskal Herri osoan beroteengatik ezarritako alerta egoerak eragina izango du gaur gauean piztekoak diren San Joan suetan ere. Landa eremuetatik gertu sutzarrik ez pizteko gomendioa eman du dagoeneko Eusko Jaurlaritzak. Debekatu ala ez, udal bakoitzak hartu beharrekoa da erabakia, eta batzuek egina dute jada hautua: Bizkaian, besteak beste, Barakaldon, Getxon eta Leioan debekatu dituzte San Joan suak; eta Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute. Gipuzkoan, baimendutakoak baino ez dituzte piztuko Donostian; Urretxun eta Zumarragan, berriz, ezingo da bakarrik ere piztu. Arabari dagokionez, Gasteizko Udalak hainbat segurtasun aholku eman dizkie antolatzaileei, foru aldundiak adierazitakoari jarraikiz. Landa inguruetan, ordea, surik ez pizteko aholkatu dute Gasteizko agintariek. 

Nafarroako Gobernuak, bestalde, San Joan surik ez egiteko gomendatu du, nahiz eta udalei dagokien hiri lurzoruan halakoak debekatzea. Bada, Iruñeko Udalak hartua du jada sutzarrak galarazteko erabakia.

Surik egingo ez duten beste udalerri batzuk ere badira: Barrika, Berango, Dima, Gernika, Maruri-Jatabe, Mungia, Muxika, Sopela eta Zornotza, Bizkaian; Eibar eta Errenteria, Gipuzkoan; eta Zizur Nagusia eta Eguesibar, Nafarroan. Beste herri batzuetan su txikiagoak egingo dituzte. Lesakan (Nafarroa), debeku partziala ezarri dute: debekatu egin dute herrian surik piztea suziriak botatzeko edo barbakoak egiteko, baina salbuespen bakarra jarri dute: herriko plazan eginen duten San Juan sua. Horretarako, gainera, segurtasun neurri bereziak prestatu dituzte, eta suhiltzaileak han izanen dira, sua ingurura heda ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA