Arabako suhiltzaileek salatu dute aldundiak ez duela lan taldea handitzeko akordioa bete

2026 eta 2027 bitartean 36 postu sortu behar zirela adostu zuten, baina ez da halakorik gertatuko. Suhiltzaileek lan baldintza «prekarioetan» lan egiten dutela adierazi dute.

Arabako foru suhiltzaileen Aguraingo parkea. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Arabako foru suhiltzaileen Aguraingo parkea. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 5a
16:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako suhiltzaileen langileen batzordeak salatu du Arabako Foru Aldundiak ez duela plantillan 36 postu berri sartzeko hitzartutako akordioa bete. Batzordeak ohartarazi du suhiltzaileen lan baldintzak «prekarioak» direla. Iñaki Gurtubai diputatuak azkenaldian egindako adierazpen publikoen aurrean, langileen ordezkariek argi utzi dute foru gobernuak emandako irudiaren errealitatea: «Suhiltzaileen zerbitzuari buruz egiten diren iragarki guztiak bezala, errealitatea askoz ere kutreagoa eta ertz gehiagokoa da».

Arabako Batzar Nagusiek langile kopurua handitzeko emandako hitza «ez betetzea» egotzi diote Gurtubairi. Foru gobernuak lortutako aurrekontu itunei esker, Arabako suhiltzaile parkean 36 postu berri sortzeko konpromisoa hartu zuen: 2026an eta 2027an hemezortzina postu berri. Hala ere, egungo errealitatea nabarmen desberdina dela azpimarratu du batzordeak: «Iñaki Gurtubai diputatuak iragarri du 2026an ez direla hemezortzi postu horiek sortuko, eta 2027an ere ez dago aurreikusita».

Langile batzordearen esanetan, postu berriak ez sortzeko ez dago «inolako» arrazoi teknikorik; gainera, baliabide publikoen kudeaketa «okerra» salatu dute. Adostutako 1,9 milioi euroko aurrekontu sailaren zati handi bat beste zeregin batzuetara bideratu dela adierazi dute: «767.000 euro Tragsa enpresako baso suhiltzaile pribatu eta prekarizatuak ordaintzeko erabili dira». Horren aurrean, batzordeak garbi utzi du aldundiaren jokabidea: «Hitza ez dutela erakusten dute. Plantilla handitu beharrean, zerbitzuaren prekarizaziora eta pribatizaziora desbideratu dute dirua».

Segurtasun falta

Segurtasunaren eremuan ere «egoera larrian» daudela gogorarazi dute. Arabakoa da EAE osoan hiru langilerekin — «gutxieneko dotazioarekin»—  lan egiten duen zerbitzu bakarra, nazioarteko erreskate zein itzaltze protokoloek eskatzen duten «kopuruaren azpitik». «Aurtengo udan, adibidez, 62 egunetatik hamar bakarrik egon dira parke guztiak beren zuzkidura arruntarekin». Arazo operatiboez gain, zuzendaritzarik ez dute eta azken bost urteetan suhiltzaile buruaren postua «hutsik» egon da, salatu dutenez.

Hartutako konpromiso guztiak «bertan behera» geratu direla ikusita, langile batzordeak kritikatu du promesak ez direla bete. Azpimarratu dutenez, suhiltzaileen funtsezko zerbitzua sendotzeko legegintzaldi «antzua» izaten ari da, eta aurrerantzean ere hiru suhiltzailez osatutako lan txandak «bakarrik» izango dira larrialdiari aurre egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA