Hiztegian bilatuz gero, piper itzuli esamoldeak esku hutsik itzuli esan nahi duela ageri da. Ez da piper itzuli Ventaja Solar enpresa Piparra Solar izeneko eguzki parkeari dagokionez, 9.438 plaka aurreikusten dituen zentral fotovoltaiko hori eraikitzeko aurretiazko administrazio baimena eman baitio gaur Eusko Jaurlaritzak.Â
Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiako udalerrietan egongo da eguzki parke hori; 7,5 hektareako eremua izango du, 4,6 megawatteko potentzia. Aipaturiko eguzki plakez gain, 23 inbertsore eta bi transformazio zentro ere izango ditu instalazioak.Â
Enpresak aurretiazko baimena jaso badu ere, ingurumen inpaktua neurtzeko txostenek ezarritako hainbat baldintza bete beharko ditu eguzki parkeak. Tartean, lanak hasi aurretik azterlan bat egin beharko da, mirotz urdinak (Cyrcus pygargus) lur horiek apiriletik ekainera nola erabiltzen dituen aztertzeko. Hain zuzen ere, erakunde ekologistek salatu zutenez, espezie hori da energia berriztagarrien instalazioek Arabako lurraldean arriskuan ezarri dituzten hegazti espezieetako bat.Â
Parapente hegaldiak eremu babestuan
Mirotz urdina ez da arriskuan dagoen espezie bakarra. Ekologistak Martxan elkarteak salatu duenez, ornitologoek parapente hegaldiak ikusi dituzte sai zuriek erruten duten habietatik hamabost metro eskasera igarotzen. Jarduera horren ondorioz, baliteke saien bikoteek arrautzak ez errutea eta txitatzea, hegaztiei eragindako estresagatik.Â

Gertakari horiek «oso larriak» dira, elkarte ekologistaren ustez. Ondorioak agerikoak dira: ekainaren 3an, ornitologo batek parapente bat ikusi zuen Gorbeiako parke naturalean, sai zurien bikote baten habiatik oso gertu igarotzen. Ornitologo horrexen arabera, habia horretan bizi den sai zuri bikoteak ez du arrautzarik errun aurten, eta baliteke haien bizitokitik hurbilegi egindako parapente hegaldiak izatea horren erantzuleak.
Ez da mota horretako gertaera bakarra izan: Entziako kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) gainean ere ikusi dituzte elkarteko kideek parapenteak, arriskuan dauden hainbat hegazti espeziek umatzen duten eremuetatik gertu. Hori ikusirik, «berehalako neurriak» eskatu dizkiete administrazioei, aisialdiko jarduera horiek eremu kalteberetatik hurbil egiten ez direla ziurtatzeko. «Parapentea eta beste jolas jarduera batzuk egitea bateragarria izan daiteke biodibertsitatearen kontserbazioarekin, baldin eta eremu kalteberetatik kanpo egiten bada eta fauna babesteko beharrezkoak diren mugak errespetatzen badira», azaldu dute elkartekoek.Â