Asviamiek salatu du langile baten minbizia laneko gaixotasuna zela «ezkutatu» zutela medikuek

Amiantoaren biktimen elkartearen esanetan, Gasteizko Txagorritxu ospitaleko eta Debagoieneko medikuek ez zioten Osalani jakinarazi Oñatiko langile baten minbizia laneko gaixotasuna izan zitekeela, eta «legez duten betebeharra» urratu zuten.

Amiantodun eraikuntza materiala, artxiboko irudi batean. PIOTR WYTRAZEK
Amiantodun eraikuntza materiala, artxiboko irudi batean. PIOTR WYTRAZEK
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 26a
14:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte Segurantzak onartu berri du Oñatiko Manuel B. langilea hil zuen gaitza laneko gaixotasun baten ondorioa izan zela. 2023an hil zen langilea, biriketako minbiziak jota, eta orain egindako ikerketek erakutsi dute haren heriotza lanean amiantoa arnastearen ondorio izan zela. Alta, Asviamiek, EAEko amiantoaren biktimen elkarteak, salatu du langilea artatu zuten Debagoieneko (Gipuzkoa) eta Gasteizko Txagorritxu ospitaleko medikuek haren gaitza lan gaixotasuna zela «ezkutatu» zutela, ez baitzioten Osalani horren susmoa jakinarazi. Jokabide hori dela eta, medikuek «legez duten betebeharra» urratu zutela salatu du Asviamiek.

Izan ere, indarrean dagoen legediaren arabera, medikuak derrigortuta daude tokian tokiko laneko segurtasun eta osasunerako erakundeei —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osalani— laneko gaixotasun kasuen berri ematera. Asviamiek salatu duenez, kasu honetan Txagorritxuko eta Debagoieneko medikuek langilearen gaixotasuna lanetik eratorria zela susmatzeko «ebidentzia nahikoa» izan arren, ez zioten Osalani jakinarazi.

Medikuen jarrera horrek «gaixoei, familiei eta Osakidetzari» kalte egiten diela salatu du elkarteak, osasun sistema publikoak artatzen baititu laneko mutualitateek artatu beharko lituzketen gaitz horiek. Amiantoak eragindako laneko gaixotasunak ezkutatzea «osasun etikaren aurkako iseka onartezina» dela esan du Asviamiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.