Eusko Jaurlaritzak administrazio prozedura abiarazi du Arabako lurraldean beste bi parke eoliko eraikitzeko. Oraingoan, bost udalerri daude tartean: Gasteiz, Iruña Oka eta Kuartangoko lurraldean eraikiko da Zaballa izeneko parke eolikoa; Iruña Oka eta Erriberagoitian egitekoa da, berriz, Zaldiaran proiektua. Aerosorgailu bana izango dute parke eolikoek, eta 4,95 megawatteko potentzia izango du bakoitzak.
Alerion Spain SM enpresa bultzatzaileak aurretiazko administrazio baimenak eskatu ditu parke horiek eraikitzeko. Hogei eguneko epea zabalduko da orain, interesa dutenek alegazioak aurkeztu ditzaten. Administrazio prozeduraren lehen pausoa baino ez da, eta urrats ugari dituzte aurretik parke eolikoak egin baino lehen. Alta, aurrez gertaturikoak kontuan hartuta, proiektuek tokiko oposizioa aurkituko dutela espero daiteke.
Italiako enpresa
Alerion Spain SM enpresak Bizkaian du egoitza. Haren atzean, ordea, Alerion enpresa italiar handia dago, Espainian multinazional horrek duen filiala baita Alerion Spain. Europa osoan proiektuak dituen energia berriztagarrien sektoreko enpresa da Italiako Alerion. Ez da enpresa horrek Euskal Herrian parke eolikoak eraikitzen dituen lehen aldia ere: 2024an eta 2025ean iragarri zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako lurretan ere zenbait proiektu egingo dituztela.