Iaz jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak Miranda de Ebrotik (Espainia) Altsasura (Nafarroa) doan aldirietako tren zerbitzua. Geroztik, zerbitzuak erabiltzaileen gorakada nabarmena izan du, baina hainbat erabiltzaile eta eragile politikok hobekuntzak eskatu dituzte. Gasteizko EH Bildu izan da horietako bat. Taldeak ostiralean helaraziko dio Gasteizko udalbatzari Salburuan, Zabalganean eta Gasteizko udalerriko industrialdeetan geltokiak egiteko proposamena.
Rocio Vitero Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, geltoki horiek egiteak «nabarmen hobetuko luke udalerri barruko mugikortasuna». Azpimarratu du geltokiek 50.000 biztanleri baino gehiagori eta Gasteizko industrialde handienari emango lieketela zerbitzua. Gasteiz zeharkatzen duen tren linea horren azpiegitura jada igarotzen da auzo horietatik, eta hori zerbitzu handiagoa eta hobea eskaintzeko «aprobetxatu beharreko aukera» dela esan du Viterok.