Iritsi da aldirietako trena Arabako Lautadara

Erabiltzaileek gustura hartu dute Altsasu eta Miranda Ebro arteko aldirietako tren zerbitzua. Lehen egunean handia izan da erabiltzaileen joan-etorria. Azpiegituretan hobekuntzak eskatu dituzte orain.

Agintariak, Altsasu eta Miranda Ebro arteko aldirietako tren zerbitzu berrira igotzen, gaur, Gasteizko geltokian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Agintariak, Altsasu eta Miranda Ebro arteko aldirietako tren zerbitzu berrira igotzen, gaur, Gasteizko geltokian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko maiatzaren 30a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

07:52 puntu-puntuan abiatu da Gasteiztik Altsasurainoko (Nafarroa) aldirietako lehen trena. Lautada eta Sakana arteko tren zerbitzu berriaren lehen eguna da. Beharginez betea doa trena, lanerako uniforme asko ikusten baita. Badago esertzeko tokia, eta geldialdi bakoitzeko, geroz eta eserleku huts gehiago daude. Halako batean, ordu erdi inguruan, heldu da trena helmugara, Altsasuko geltoki nagusira.

Berandu iritsi da Altsasuko beste geltokitik, herrigunetik, 09:21ean abiatu behar zuen trena. Hamar minutu baino gehiago atzeratu da. Zaragozatik (Espainia) dator, eta, distantzia erdiko trenaren izaera duen arren, aldirietako tren txartelarekin igo daiteke bertara, zerbitzu berriari esker. Bost bidaiari igo dira, horietatik lau, emakumezkoak. Barruan ere, gehienak emakumezkoak dira. Oraingoan, ez dago horrenbeste uniforme. Elkarri besarkatuta erdi lo doan bikote gazte bat doa, eta horien atzean, garagardo lata bat edaten ari den agure bat; atzerago, familia bat. Bagoi berean ordenagailu eramangarriarekin lanean ari den ikasle bat dago, eta beste asko sakelako telefonoarekin dabiltza. Paperezko egunkaria pertsona bakarrak du eskuetan. Hura ere emakumea da, eta BERRIA ari da irakurtzen. Migratzaile bat igo da Araiako (Araba) geltokian, eta bi lagun jaitsi dira Agurainen (Araba). Halere, ez dago mugimendu handirik.

Isiltasuna erabatekoa da, ume txiki batek kasketa harrapatu eta negarrez hasi den arte. Inork ez dio lagundu amari haurra lasaitzen, baina kexatu ere inor ez da egin. Txartel zulatzailea pasatu da, eta bidaiari guztiek zintzo erakutsi diote agiria. Izenik eman gabe, kontatu du ohi baino lan gehiago izan dutela, baina ez dela arazorik izan. Halako batean, trena ia osorik hustu da, Gasteizera heldu delako.

Ordenagailuarekin lanean ari zen neska gaztea Lucia Gutierrez da. Kontatu du egunero erabiltzen duela trena unibertsitatera joateko, eta gustura dagoela zerbitzu berria dela eta. «Orain tren gehiago eta merkeagoak ditugu». Ikasturtean, distantzia erdiko tren zerbitzua erabili behar izan du; %30 garestiagoa da, eta trenak ez dira hain maiz pasatzen. Aurrerantzean, eguerdietan eta iluntzean tren gehiago egongo dira aste barruan, eta lehenago hasiko da zerbitzua igande goizetan.

137

Zenbat bidaia izango diren astean. Arabako lautadako aldirietako tren zerbitzu berriari esker, orain arteko eskaintza ia halako bi izango da. 25 joan-etorri berriak jarri dituzte, eta 41 bidaia luzeagoak izango dira.

Hobetzekoen artean, azpiegiturak aipatu ditu. Zerbitzua berria izan arren, aurrera eta atzera dabiltzan trenak ez dira berriak. Gainera, zenbait geltokik ere behar dituzte hobekuntzak. Altsasuko herriko geltokiak, esaterako, ez du txartelik erosteko makinarik edo trenak zein ordutan helduko diren adierazten duen pantailarik. Kristal baten atzean jarritako paper batean kontsultatu behar dira ordutegiak, baina kristala margotuta, urratuta eta pegatinaz josita dago. Behargin kuadrilla bat geltokiaren aparkalekua atontzeko lanetan ari da. Adifek esana du inbertsioak egingo dituela geltokiak hobetzeko.

Halaber, bozgorailuetan euskara gutxi entzuten da. Geltokietan euskarazko informazioa dute, baina tren barruan soilik gaztelaniazko adierazpenak egin dituzte.

Trena Gasteiztik aurrera jarraitu du: Langraiz Oka, Argantzon eta Manzanos (Araba) igaro ostean, Miranda Ebrora (Burgos, Espainia) iritsi da. Horixe da aldirietako zerbitzuaren azken geltokia.

«Lurralde kohesionatua»

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 08:25eko trena hartu du Gasteizen, Manzanoseraino, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuarekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin batera, besteak beste. «Lurralde kohesionatua» lortzeko «ezinbesteko urratsa» egin dela nabarmendu dute agintariek inaugurazio ekitaldian. «Arabako eskakizun historiko bati erantzun diogu. Ez da erraza izan, baina zerbitzua indartu dugu, eta tarifa merkeagoak ezarri», esan du Garcia Chuecak. Autoa alboratu eta trena hobesteko eskaria egin die herritarrei.

Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak esan du herrian «oso pozik» daudela. «Urteak daramatzagu hau eskatzen». Kontatu du orain arte Lautadaren eta Gasteizen arteko tren zerbitzua apala izan dela, eta, ondorioz, askok autoa hartzen zutela. «Garraio publikoan joan nahi izanez gero, autobusa zen ia aukera bakarra, baina 45 edo 50 minutu behar ditu. Orain, hogei minutuan iritsiko gara, eta erdigunean egongo gara, gainera».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuarekin batera, gaur goizean egindako inaugurazio bidaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuarekin batera, gaur goizean egindako inaugurazio bidaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Lautadaren eta Sakanaren arteko loturak sendotzeko balioko duela ere uste du. «Arababus zerbitzua ezarri zutenean, Sakanarekin genituen ia lotura guztiak galdu genituen. Orain berreskuratu egingo ditugu. Lautadaren eta Sakanaren arteko harremana estua da, ekonomikoki eta sozialki».

Pradalesek gaurko agerraldian gogorarazi du Araban martxan daudela tren zerbitzuari lotutako beste lan batzuk ere, hala nola Gasteizko tranbia Zabalgana auzoraino luzatzea eta abiadura handiko trena. Lopez de Uraldek erantzun dio erabil dezatela AHTaren lanetarako dirua jada martxan dauden zerbitzuak hobetzeko. «Zauri bat irekiko digute gure lurretan, eta, gainera, kuadrillako jendeak ez du behar zerbitzu hori. Ez du erabiliko. Dagoen azpiegitura hobetzeko egin beharreko inbertsioa askoz ere txikiagoa izango litzateke, gainera». Aguraingo Udalak eskakizun horri lotutako mozio bat onartu zuen atzoko osoko bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.