Gaur argitaratu dira Gasteizko Udalak enkargaturiko azken udal soziometroaren datuak. Hainbat daturen artean, udal hauteskundeei buruz egindako inkestak piztu du interesa. Izan ere, soziometroaren datuen arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak Gasteizen, botoen %26,6 lortuta, eta zinegotzi bat irabaziko luke: zazpi ditu orain, eta zortzi izango lituzke. Orain udal gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, seina zinegotzi dituzte, eta biek ala biek kopuru horri eutsiko liekete, nahiz eta soziometroak aurreikusi sozialistek botoetan bi puntuko beherakada izango luketela. Elkarrekin Podemosek ordezkari bat galduko luke, baita PPk ere, Voxen mesedetan:Â udalbatzan sartzea lortuko luke.Â
Emaitza horiek lortuz gero, gaur egungo udal gobernuak boterean jarraitzeko aukera izango luke, itxuraz, baina gobernagarritasuna aski konplikatuko litzaieke sozialistei eta jeltzaleei. Izan ere, orain ere 27 zinegotzietatik hamabi badituzte ere, Gasteizko udalbatzak hainbat akordio aukera uzten zituen gobernu koalizioaren esku: EH Bildurekin, PPrekin zein Elkarrekin-ekin adostasuna lortzea nahikoa zuten hamalau zinegotziko gehiengora iristeko. Soziometroak islatzen duen egoeran, ordea, Elkarrekin-ekin akordioa egitea ez litzateke jada nahikoa, eta PP edo EH Bildurekin hitzartu beharko lituzkete neurriak bi alderdiek. Orain arte koalizio abertzalea Maider Etxebarria alkatearen ohiko bazkidea izan da, haiekin hitzartu baititu azken hiru udal aurrekontuak.
Bizi kalitatearen gainbehera izan daiteke gasteiztarren boto joeren azalpenetako bat. Izan ere, soziometroaren arabera, hiritarren %76 bizimoduarekin «oso edo nahiko pozik» badaude ere, %44k bizi kalitateak okerrera egin duela uste dute, eta are gehiago dira (%46) hurrengo bi urteetan okerrera egingo duela uste dutenak. Gasteiztarren laurdenak soilik uste du haien bizimoduak hobera egin duela edo egingo duela. Egoera horretan, EH Bilduko Rocio Vitero da herritarren baloraziorik onena duen ordezkaria; azterketa gainditu duen bakarra da, 10etik 5eko nota eman baitiote herritarrek. Etxebarria alkateak eta EAJko alkateorde Beatriz Artolazabalek ez dute gainditu, 4,6ko nota eman baitiete. Alta, oraindik urtebete baino gehiago geratzen da udal hauteskundeetarako.Â