EH Bilduk Mañuetako alkatearen agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, idazkun frankista kentzeari uko egin diola eta

Herriko udal eraikin batean dagoen plakan 'Caídos por Dios y por España' leloa dago idatzita. Koalizio subiranistak adierazi du jarrera horri eutsita alkateak «iseka» egiten diela frankismoaren biktimei.

Mañuetako idazkun frankista, udalak ezarritako oholarekin. 'Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak' leloa estaltzen du oholak. LA PILASTRA
Mañuetako idazkun frankista, udalak ezarritako oholarekin. 'Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak' leloa estaltzen du oholak. LA PILASTRA
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 16a
13:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez dio inori enbarazu egiten, eta betidanik egon da herrian». Hitz horiekin defendatu izan du Mañuetako (Araba) Francisco Javier Garcia Alderdi Popularreko alkateak udal eraikin batean dagoen idazkun frankista ez kentzeko erabakia. Jarrera hori salatu du EH Bilduk, eta nabarmendu «iseka» egiten ari dela frankismoaren biktimei. Garcia alkatea Batzar Nagusian ager dadila eta azalpenak eman ditzala eskatu du talde subiranistak.

Mañuetako Udalak Espainiako Gobernuaren errekerimendua jaso zuen, Caídos por Dios y por España idazkuna (Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak) kendu edo estaltzeko. EH Bilduk nabarmendu du udalak ez duela eskaera behar bezala bete. Hasieran, plaka egurrezko ohol batekin «ezkutatzen» saiatu zen udala. Oholak idazkunaren lehen esaldia estaltzen zuen, baina ez omendutakoen izenak. Ondoren, udalak adierazi du plaka igeltsuz estaliko duela. Alkatearen jarrera «tristea eta iraingarria» dela nabarmendu du EH Bilduk.

Udal eraikinetik lelo frankista kentzeari uko egitea legearen aurkakoa da, koalizio abertzalearen arabera. «Oso kezkagarria» da ordezkari publiko batek frankismoaren gorazarrea egiten duen idazkunari eutsi eta hura ez kentzeko hautua egin izana, EH Bilduren ustez. Horregatik, EH Bilduk eskatu du Garciak Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Batzordean agerraldia egin dezala, bere jarreraren inguruko «azalpenak» eman ditzan batzarkideen aurrean. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA