«Benetako adar jotzea da, eta, gainera, frankismoaren biktimekiko eta haien familiekiko mespretxua». Horrela definitu du La Pilastra erakunde memorialistak Mañuetako Udalak (Araba) harturiko erabakia. Espainiako Gobernuak, Memoria Demokratikoaren Legea betearazteko, frankismoa goraipatzen zuen idazkun bat estaltzeko exijitu zion uztailean herri hartako udalari. Elkarte memorialistek aspalditik eskatzen zuten udalaren jabetza den eraikin bateko ateburuan kokatzen zen idazkuna ezabatzeko.
Ikusi gehiago
Bada, udalak Espainiako Gobernuaren errekerimendua betetzeko harturiko bideak ez ditu elkarte horiek poztu. Izan ere, udalak idazkunaren atal frankista egurrezko ohol soil batekin estaltzea erabaki du. Hortaz, «Caídos por Dios y por España», hots, «Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak» zioen atala egurrak estaltzen du orain, baina erorien izenak oraindik ikusgai daude. Mañuetako La Pilastra elkarte memorialistaren ustez, udalaren jarduna «memoria demokratikoaren legea boikoteatzeko saiakera» bat da.
Ikusi gehiago
«Iseka» eta «konponbide zabarra»
«Altxamendu frankistaren gorazarrea egur zati batekin estali nahi izatea karikatura moduko bat da», adierazi du elkarteak ohar bidez. Udalak biktimei «iseka» egin diela uste dute, eta alkateari eskatu diote idazkuna «behin betiko kentzeko». Alderdi Popularraren esku dago Mañuetako udala, eta Francisco Javier Garcia alkateak hainbatetan egin dio uko herriko kontsultategiaren ateburuan jarritako idazkuna kentzeari. Oraingoan, udalak egin zaion errekerimendua bete badu ere, «gogoz kontra eta hala moduz» egin duela salatu dute La Pilastrakoek.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Marisol Garmendiak, antzeko iritzia plazaratu du udalaren ekintzei buruz. Garmendiaren ustez, «lotsagarria» da Mañuetako Udalaren jokabidea, aferarentzako «konponbide zabarra». Gobernuaren ordezkariaren arabera, udalaren konponbideak «ez du Memoria Demokratikoaren Legeak ezarritakoa betetzen», eta udalari eskatu dio idazkuna «behin betiko» ezabatzeko, «aitzakiarik» gabe. Garcia alkatea ere kritikatu du Garmendiak, «inolako enpatia edo sentsibilitaterik» ez izateagatik.