Botikak Etxean Eskura programa Araba osora zabaltzeko eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek

EH Bilduk aurkezturiko mozioa onartu dute oposizioko alderdiek, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin. Landa eremuko pertsona zaurgarriei botikak etxean banatzeko programa Araba osora eta parte hartu nahi duen orori zabaltzeko eskatu dute mozioan.

Adineko pertsona bat, Arabako farmazia batean botikak eskatzen, artxiboko irudi batean. IREKIA
Adineko pertsona bat, Arabako farmazia batean botikak eskatzen, artxiboko irudi batean. IREKIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 22a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz jarri zuten martxan Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta EAEko Farmazialarien Elkargoak Botikak Etxean Eskura proiektu pilotua. Izena aski adierazkorra da: Arabako landa eremuan dependentzia edo zaurgarritasun egoeran daudenei botikak etxera eramateko eta «arreta pertsonalizatua» emateko sortu zuten hiru instituzioek elkarlanean programa hori. Atzo bertan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak proiektua luzatzea, beste bi urterako. Orain arte, Añanako eta Arabako Mendialdeko eskualdeetan soilik zegoen martxan programa. Gaurko Batzar Nagusietako osoko bilkuran, ordea, programa hori Araba osora zabaltzeko eta aldundiaren zerbitzu bihurtzeko eskatzen zuen EH Bilduren mozio bat onartu dute oposizioko alderdiek, EAJ eta PSE-EEren aurkako botoekin. 

Botikak Etxean Eskura «Arabako gainerako eskualdeetara» zabaltzeko eskatzen zuen EH Bilduk aurkezturiko mozioan, eta Elkarrekin Ahal Duguren, PPren eta Voxen aldeko botoak jaso ditu. 26 botoren gehiengo osora iritsi da, beraz, mozioa, eta aurrera atera da foru gobernuko alderdien aburuaren aurka. Añana eta Mendialdetik gainerako kuadrilletara hedatuko da, hortaz, zerbitzua. Horretaz gain, programan parte hartzeko «baldintzak berrikusteko» ere eskatu dute mozioan, nahi duen arabar orok parte har dezan. Orain arte, gutxienez bigarren graduko dependentzia maila zuten eta egoera zaurgarrian zeudenek parte har zezaketen, hots, gaixotasun edo desgaitasun egoera larrienak zituztenek. 

Foru gobernua, neurriaren aurka

EAJren eta PSE-EEren ustetan, goizegi da proiektu hori Araba osora zabaltzeko. PSE-EEko Maria Aranzazu Ruiz Huidobro batzarkideak gogorarazi du programa «aitzindaria» dela hori «despopulazioaren aurkako borrokan», eta, hortaz, «naturala» dela landa eremuko pertsona zaurgarrienei zuzenduta egotea, «adinekoei» eta gaixo kronikoei, alegia. Bat etorri da EAJko Iciar Ircio Vea, eta gogorarazi du programaren gaineko eskumenak «Eusko Jaurlaritzari dagozkiola», eta ez legokeela, beraz, Arabako Foru Aldundiaren esku programa hori zerbitzu bilakatu eta Araba osora hedatzea. Foru gobernuko alderdien ustez, proiektu pilotuaren inguruko azterketa sakona egin beharra dago hura Araba osora zabaldu baino lehen. 

Oposizioko alderdiek ere izan dute EH Bilduren jatorrizko mozioarekin erreparorik: Elkarrekin Ahal Dugu batzarkide taldeak zuzenketa mozioa aurkeztu du, pertsona ororen parte hartzea eskatzeko eta programa zerbitzu bilakatzeko eskatzeko orduan jatorrizko mozioa urrunegi zihoala iritzita. Alta, ez da horren inguruko adostasunik egon, eta EH Bilduren jatorrizko mozioa oso-osorik onartu dute Batzar Nagusiek, foru gobernuko alderdien aurkako argudioak gorabehera. «Ordezkari politikoen aldetik hain balorazio positiboa egiten bada, ez dauka zentzurik proiektua mugatzen jarraitzeak», argudiatu du EH Bilduko Ruth Ibisate batzarkideak, proiektua Araba osora eta «edozein dependentzia maila» duten pertsonei zabaltzea defendatzeko. Asmo hori nola gauzatuko den ikusteko dago, horretarako eskumenak Eusko Jaurlaritzak baititu, hein handi batean.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA