Ertzaintzak ez zien URSSA eta EGAko etxegabeei Errekaleorrera joateko esan, eta «beraien lana» baino ez zuten egin, hots, auzoan «ordena eta segurtasuna» zaintzea. Hitz horiek esanda gezurtatu ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Errekaleor Bizirik elkarteak eta Gasteizko auzo okupatu horretako bizilagunek egindako akusazioak. Izan ere, herenegun Errekaleorren izan ziren istiluen erantzukizuna Ertzaintzari egotzi zioten bizilagunek.
Errekaleor Bizirik-ek Ertzaintza jo zuen gertaeren errudun: URSSA eta EGAko etxegabeak «instrumentalizatzea» leporatu zieten, Errekaleorreko proiektuari «kalte egiteko», eta jarrera «erasokor» eta «probokatzailea» ere aurpegiratu zieten poliziei, lagundu ordez auzotarrei iseka egiten aritu zirelako. Zupiriaren hitzetan, ordea, ez zen hori gertatu. Segurtasun sailburuaren arabera, «ez dagokio Segurtasun sailari, ezta Ertzaintzari ere, jendeak non bizi behar duen erabakitzea». Adierazpen horien bidez, gezurtatu egin du sailburuak Ertzaintzak bidali zituela etxegabeak Errekaleorrera.
Poliziak egindako lana ere defendatu du Zupiriak. Sailburuaren ustez, Ertzaintzak «bere lana egin zuen Errekaleorren, hots, elkarbizitza bermatzea eta ordena eta segurtasuna zaintzea». Errekaleorren «hainbat istilu» izan zirela esan du Zupiriak, xehetasunik aipatu gabe, eta ziurtatu du Ertzaintza inguruko herritarrek eta Gasteizko Udaltzaingoak deituta bertaratu zela. Errekaleorreko bizilagunen kontakizunaren arabera, aldiz, etxegabeak bertaratu eta «berehala» agertu zen Ertzaintza, haiei Errekaleorreko etxeak okupatzen laguntzeko asmoa balu bezala.
Istiluak
Asteazken eguerdian, inguruko fabrika abandonatuetan bizi diren hainbat etxegabe agertu ziren Errekaleorren, bertako etxebizitzaren bat okupatu nahian. Auzoko bizilagunen arabera, etxegabeek esan zieten Ertzaintzak ziurtatu ziela auzora joanez gero etxebizitza bat okupatzeko aukera izango zutela.
Bi taldeen arteko tentsioa handituz joan zen egunean zehar. Arratsaldean, berriro agertu ziren URSSA eta EGAko etxegabeak, hamabost inguru, eta ostikoka jada okupaturik zeuden hainbat etxetan sartzen saiatu ziren. Auzotarren erresistentzia zela medio, ez zuten lortu, eta berriro alde egin zuten. Gauean jo zuten, ordea, goia istiluek, «25 edo 30 bat» pertsona azaldu baitziren Errekaleorren, makilak, burdinazko barrak eta harriak eskuan. Gatazka izan zen haien eta auzotarren artean, eta, ondorioz, Errekaleorreko biztanle asko zauritu egin ziren, horietako bat, «larri». Azken hori artean ospitalean zen atzoko arratsaldeko zazpietan, «garezurreko hainbat hezur hautsita», Errekaleor Bizirik-ek salatu duenez.

Errekaleorreko bizilagunak beldur ziren bart, etxegabeek «hobeto prestatuta itzultzeko» asmoa adierazi zietelako. Atzo arratsaldean argitaraturiko komunikatuan, beren burua «arriskuan» ikusten zutela salatu zuten, eta bart gauean antzeko istiluak berriz gertatzeko beldurra adierazi zuten. Jendeari «auzoa defendatzera» bertaratzeko deia egin zioten, baina azkenean ez zen istilurik izan.
«Okupen arteko klasismoa»
Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak (PSE-EE), ere egin ditu gertatutakoaren inguruko adierazpenak. Alkatearen aburuz, jazotako istiluek erakusten dute «bi okupazio mota daudela, ideologikoa bata, marjinala bestea», eta bi horiek ez direla elkarren artean «ondo konpontzen». Horrek «okupen arteko klasismoa» egon badagoela erakusten du, Etxebarriaren ustez, eta adierazi du ere azken egunetako gertakarien ondorioz «okupek handik at» amaitzea espero duela, Errekaleorreko bizilagunei erreferentzia eginez.
Hori lortzeko, Gasteizko Udala «analisi juridikoa» ontzen ari dela iragarri du alkateak, Errekaleorreko bizilagunak behin-betiko handik ateratzeko. Eguerdian, bestalde, auzoko gaztetxean bildu dira Errekaleorreko biztanleak, azken egunetan gertatutakoa eztabaidatzeko, Euskadi Irratia-k jakitera eman duenez.