Gasteizko Alestis Aerospace enpresako langileek lanuzteak hasi dituzte

Sindikatuek «negoziazioaren blokeoa» eta «aurrerapausorik eza» salatu dituzte. Bi orduko lanuztea egin dute gaur txanda bakoitzean, eta hilaren 26an eta 28an gauza bera egitekoak dira. Ekainerako ere iragarri dituzte lanuzteak.

Alestis Aerospaceko langileek gaur enpresaren aurrean egindako kontzentrazioa. LAB
Alestis Aerospaceko langileek gaur enpresaren aurrean egindako kontzentrazioa. LAB
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 21a
14:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi ordezkarik osatzen dute Alestis Aerospace konpainiako enpresa batzordea: bina ordezkari dituzte UGT, ELA, LAB eta CGT sindikatuek. Guztiak, ordea, bat etorri dira enpresak lan hitzarmenaren negoziazioan duen jarrera kritikatzerako orduan. LABen ustez, «aurrerapausorik eza» erabatekoa da negoziazioetan. ELAk, berriz, enpresaren «blokeoa» salatu du. Hori dela eta, lanuzteak hasi dituzte gaur.

Txanda bakoitzean bi orduko geldialdiak egingo dituzte Miñaoko teknologia parkeko enpresan. Hilaren 26an eta 28an ere egingo dituzte, eta, enpresaren jarrera aldatu ezean, ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n lau orduko lanuzteak egiteko asmoa adierazi dute. 

Sindikatuek azaldu dutenez, Alestis Aerospacek gero eta lan karga handiagoa du, eskaerak handitzen ari baitira. Enpresaren etekinak «etengabe gora» doaz, sindikatuen ustez, baina horrek ez du langileen baldintzetan behar besteko islarik: enpresak «eskubideak murriztea» planteatzen du, eta ez ditu KPIaren gainetik dauden soldata igoerak onartzen. Azken hori da sindikatuen eskaera nagusia, langileen «erosahalmena bermatuko» duten soldatak nahi baitituzte.

Enpresaren bi jabeei egotzi diete «blokeo» horren erantzukizuna: Aciturri Aerostructures taldeari eta Sonaca enpresari. Lehenak Miranda de Ebron du egoitza (Burgos, Espainia), eta Alestis Aerospaceren akzioen %49ren jabe da. Bigarrena, berriz, Belgikako multinazionala da, eta enpresaren %51 kontrolatzen du. Hegazkinetako egiturak egiten ditu Alestisek, eta Airbus, Boeing eta Embraer ditu bezero nagusiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE