Gasteizko lorezainek salatu dute udalak Olarizuko zelaiak segatu dituela eta greba eskubidea urratu duela

Langileek «greba eskubidearen aurkako erasotzat» jo dute udalaren jarduna, jaia aurrera ateratzeko erabakia grebaren gainetik jarri duela argudiatuta. Lan Ikuskaritzak lan horiek geldiarazteko agindu du, «legez kanpokoak direlako».

Olarizuko zelaia, 2022ko erromeria egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olarizuko zelaia, 2022ko erromeria egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
2025eko irailaren 10a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enviserreko lorezainek salatu dute Gasteizko Udalak «legea urratuz» segatu dituela Olarizuko zelaiak, datorren astelehenean ospatuko den Olarizuko erromeria egiteko. Sindikatuek zabaldu duten bideo batean traktore bat ikus daiteke belarra mozten, udaltzaingoaren zaintzapean. Lan Ikuskaritzak, baina, lan horiek geldiarazteko agindu du, «legez kanpokoak direlako eta grebalariak ordeztea dakarrelako». 

Hilabeteak daramatzate greban Enviserreko lorezainek; enpresa hori Gasteizko Udalaren azpikontrata bat da. Langileek «lan baldintza duinak eta soldata egokiak» bermatuko dituen hitzarmena eskatu dute, baina oraindik ez dute akordiorik lortu. Enviserreko arduradunek diote egungo baldintzek udalak ezarritako gutxienekoak betetzen dituztela; aldiz, udalak dio berak ezin duela eragin enpresa pribatuaren lan baldintzetan. Greba mugagabea martxoaren 26an hasi zen, eta bost hilabete baino gehiago daramatzate mobilizazioetan.

Langileek «greba eskubidearen aurkako erasotzat» jo dute udalaren jarduna, jaia aurrera eramateko erabakia mobilizazioen gainetik jarri duela iritzita. Gogorarazi dute Enviser enpresako langileek bost hilabete baino gehiago daramatzatela greban, lan baldintzak hobetzeko negoziazioan. ELA, LAB eta ESK sindikatuek agiri bateratua plazaratu dute gertatutakoa salatzeko: «Beste behin ere, Gasteizko Udalak fede txarra erakutsi du lan gatazka honetan, dagoeneko bost hilabete baino gehiago luzatu den gatazka honetan». Sindikatuek ostiral goizean egingo duten prentsaurrekoan emango dituzte gertatutakoaren xehetasunak.

15191613
Lorezainak babes sinadurak erregistratzen, uztailean, Gasteizko San Martin auzoko udaletxeko bulegoetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Bestalde, udalak adierazi du esku hartzea beharrezkoa dela erromeriako segurtasuna bermatzeko. Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateorde eta Espazio Publikoaren arduradun politikoak azaldu duenez, gaur goizean zelaietako perimetroa garbitu eta belarra moztu dute, «jaia baldintza egokietan egin dadin». Udalak, gainera, udaltzaingoaren babesa eskatu du, «lubaki baten presentzia dela eta».

Artolazabalek gogorarazi du Enviserren aldetik hiru eskaintza egin direla, %20ko soldata igoera eta lanorduak murriztea proposatu dela, baina langileek baztertu egin dituztela proposamen horiek. Maider Etxebarria alkateak ere azpimarratu du aurten ez dela Olarizuko erromeria bertan behera utziko, baina «aukerak aztertzen» ari direla «zelaiak egoera onenean egon daitezen».

Europa Press agentziak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak agindu du Olarizuko zelaietako lanak behin-behinean gelditzeko, horiek legezkoak ote diren aztertu nahi baitu.

Olarizu egunean, zer?

Urtero legez, datorren astelehenean ehunka gasteiztar igoko dira Olarizuko gurutzeraino. Arratsaldean, zelaiak familia osoarentzako ekintza ludikoez beteko dira, udako zikloari amaiera emateko.

Horrez gain, udalak hiriko mugak markatzen dituzten mugarriak bisitatuko ditu, eta haien egoera egiaztatuko du, muga lerroak euren lekuan daudela ziurtatzeko. Jarduera hori 500 urte baino gehiagoko ohitura administratibo bat da.

XIX. mendetik, Olarizuko erromeria irailaren 8ko Andre Mariaren Jaiaren ondoko astelehenean ospatzen da. Ohitura da gailurreraino igotzea, gurutzeraino, eta handik ikuspegi zabalaz gozatzea. Erromeriak, berez, udako zikloari amaiera emateko eta nekazarien ohitura betetzeko balio du: uzta jasotzeagatik eskerrak emateko erritua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.