Gasteizko tranbiak ez du zerbitzurik emango erdialdean gaurtik hasi eta irailaren 6ra arte, obrak egingo baitituzte Angulema eta Parlamentua geltokien arteko ibilbidean. Alava Jenerala eta Independentzia kaleetako zoladura berritzeko lanak direla eta, bi geltoki horien arteko zerbitzua etenda egongo da, eta linea bakoitzaren azken geltoki bilakatuko dira. Gainerako lineetan, ohiko zerbitzua emango dute.
Zoladura homogeneo bat ezartzea, horixe da lanen helburuetako bat. Halaber, trenbidearen parte bat berrituko dute Independentzia, Alava Jenerala eta Foru kaleek bat egiten duten inguruan, eta hogei kutxatila konponduko dira. Adierazi dutenez, baliteke linearen irekitzea aurreratzea lanak «erritmo onean» egiten badira.
Irailetik aurrera, zerbitzua berrezarri ondoren, tranbiaren plataformaren bi aldeetako espaloietan egingo dituzte obrak, urte amaierara arte. Euskal Trenbide Sareak azpimarratu duenez, ahalegin berezia egingo dute inguruko bizilagunei eta saltokiei kalterik ez egiteko.