PSE-EEk eta EAJk osaturiko Gasteizko udal gobernuak asteazkenean iragarri zuen EH Bildurekin adostu zutela Amvisa ur-banaketa agentziako aurrez aurreko arreta zerbitzua publifikatzea. Horretarako, Administrazio Kontseiluaren ezohiko batzarra antolatu zuten gaurko, eta bertan onartu dute neurria. 2011tik, kontrata baten eskuetan zegoen zerbitzua. Neurria iragarri zenean, ELA sindikatuak salatu zuen kontrata horretako sei langileak kaleratuak izango zirela, udal langileekin beteko baitu zerbitzua Amvisak hemendik aurrera. Sindikatuak sei langile horien subrogazioa eskatu zuen, kaleratzerik izan ez zedin.
Alta, sindikatuaren salaketek ez dute efekturik izan, eta Elkarrekin udal taldeak gaur salatu du neurriaren aurkako boza eman duela «lan hori presentzialki egiten zuten sei pertsonen kaleratzea» dakarrelako. Talde politikoak zabaldutako prentsa oharrean jakinarazi duenez, haien ustez «udalak langileak subrogatzeko betebeharra» dauka, eta neurriak langileen «iruzurrezko kaleratzea» dakar. Auziak epaitegietan amaituko duela uste du taldeak. Hortaz, honako zein bestelako zerbitzuak publiko egitearen alde azaldu badira ere, neurri horren aurkako boza eman dute.
Grebarako deia
ELAk ere bat egin du Elkarrekin alderdiaren arbuioarekin, eta mobilizazioak iragarri ditu. Hilaren 21etik aurrera, greba mugagabera deitu ditu kontratako langileak. Sindikatuak haien «jarrera berriz azter dezatela» eskatu die neurriaren alde egin duten alderdi politikoei, eta berriz exijitu du orain arte azpikontrataturik zeuden langileak subrogatzeko, «estatuko legediak eta Europakoak ezartzen duten bezala».