Gasteizko Udalak 2026rako aurrekontua onartu du, PSE-EE, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin

507,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute, iazkoa baino %6,5 handiagoa. «Egun handia» dela eta Gasteizek «indarrez aurrera egiten» jarraitzen duela goraipatu du Etxebarria alkateak. Elkarrekin Podemosek eta PPk aurka bozkatu dute.

Ezkerretik eskuinera, EAJko Beatriz Artolazabal, EH Bilduko Rocio Vitero eta PSE-EEko Maider Etxebarria, iazko aurrekontuak onartzeko saioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ezkerretik eskuinera, EAJko Beatriz Artolazabal, EH Bilduko Rocio Vitero eta PSE-EEko Maider Etxebarria, iazko aurrekontuak onartzeko saioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 23a
11:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan PSE-EEk eta EAJk osaturiko udal gobernuak EH Bildurekin aurrekontu akordioa iragarri ostean, Gasteizko Udalak ezohiko osoko bilkurarako deia egin zuen gaurko, 08:00etarako, adosturiko aurrekontu proiektua onartzeko asmoz, hain zuzen ere. Gaur egin da osoko bilkura, eta gidoia ez da aldendu espero zenetik: PSE-EE, EAJ eta EH Bilduren 19 zinegotziek aldeko botoa eman dute, eta horri esker egin du aurrera aurrekontu proiektuak. PPko sei zinegotziek eta Elkarrekin Podemosen biek aurkako botoa eman dute, baina haien zuzenketa guztiak atzera bota ditu udalbatzak, aipaturiko hiru taldeek aurkako botoa eman dute eta. 507,5 milioi eurokoa da aurrekontua; «hirugarrenez, Gasteizen historiako handiena», Jon Armentia ogasun zinegotziak (PSE) nabarmendu duenez.

Udal gobernuak EH Bildurekin aurrekontu akordioa sinatu duen hirugarren urtea da hau. Izan ere, Maider Etxebarria alkate sozialistaren gobernuak ez du gehiengo nahikorik aurrekontuak aurrera ateratzeko: 2023ko hauteskundeetan, EH Bildu izan zen lehen indarra Gasteizen, zazpi zinegotzirekin, eta PSEk eta EAJk seina eskuratu zituzten. Udal gobernuak, hortaz, 27 zinegotzitik hamabi biltzen ditu soilik, eta derrigortua dago oposizioko talderen batekin negoziatzera, aurrekontuak aurrera aterako baditu. Armentiak «egindako ahalegina eta elkarlana» eskertu dizkio EH Bilduri.

EAJk ez ditu hain abegikor hartu EH Bilduren botoak, Jone Berriozabal EAJren ABBko buruak gutxietsi egin baitzuen EH Bilduren babesa. Koalizioa kritikatu zuen, esanez «lerroburuak eta argazkia» lortzeko soilik egin zuela akordioa. Are gehiago, Berriozabalek EH Bilduri egotzi zion aurrekontuak «oparitu» izana. Jarrera horren erakusgarri da Beatriz Artolazabal alkateordea ere ez agertu izana Etxebarria alkatearekin eta Viterorekin batera aurrekontu akordioa iragarri zenean. Gaurko osoko bilkuran, Artolazabalek esan du akordioa ez dela erreza izan, eta adostutakoak ez duela aldatuko udal gobernuaren norabidea.

Inoizko aurrekonturik handiena

Armentiak eta Etxeberriak nabarmendu dutenez, «inoizko aurrekonturik handiena» da aurtengoa, eta, iazkoarekin konparatuta, 31 milioi euroko igoera dakar horrek. Etxez etxeko arreta zerbitzura (26 milioi euro), gizarte arretara (10 milioi), garbiketara (50 milioi, iaz baino 7 gehiago) eta eraikuntzen berrikuntzara (4,3 milioi) bideratutako diru sailetan izandako gorakadak nabarmendu ditu Armentiak. Etxebarriaren esanetan, «egun handia» da gaurkoa, Gasteizek «indarrez aurrera egiten» jarraitzen baitu akordio honen bitartez.

Elkarrekin eta PP onarturiko proiektuaren aurka agertu dira. Elkarrekin-eko Garbiñe Ruiz Noriega zinegotziak esan duenez, proiektua «betikoaren jarraipena da», eta ez du «hiria eraldatzen». «Anbizio falta» leporatu die udal gobernuari eta EH Bilduri, etxebizitzari dagokionez batez ere. PPk ere proiektuaren aurka egin du, eta hilabete honetan aurkeztu duen «aurrekontu alternatiboa» defendatu du. Onartu den akordioa «kaltegarria» dela esan du Iñaki Garcia Calvo PPko kideak, eta, etxebizitzaren inguruko kritikekin bat etorri bada ere, segurtasunean jarri du arreta, Gasteizen «delituak gora» doazela eta.

8,2 milioi euroko akordioa

EH Bilduko Rocio Viterok, bestalde, argudiatu du akordioak modua ematen diela «herritarren beharren alde» lanean jarraitzeko, «zerbitzu publikoak eta gasteiztarren bizi kalitatea» hobetzen jarraitzeko helburuz. EH Bilduk udal gobernuarekin adostutako akordioa «egokia» dela esan du, eta besteak beste arlo hauetarako adosturiko inbertsioak nabarmendu ditu: etxebizitza (1,3 milioi euro), gizarte arreta eta pertsona nagusien babesa (1,5 milioi), ekonomia eta enpleguaren sostengua (2 milioi), trantsizio ekologikoa (1,8 milioi), eta hiri bizia (1,55 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.