EH Bilduk atzo jakinarazi zuen aurten ere Gasteizko Udalaren 2026ko aurrekontuak babestuko dituela. Hirugarren urtez, PSE-EEk eta EAJk osatutako gobernuaren aurrekontuak onartuko ditu, zortzi milioi eurotik gorako zuzenketak adostu ondoren. Ordea, aurreko aldietan ez bezala, jeltzaleak atzo ez ziren atera akordioaren argazkian, eta ez zuten itunaren inguruko baloraziorik egin. Gaur etorri da erantzuna: EAJk arbuiatu egin du ituna, eta adierazi du EH Bilduk hauteskundeetarako kalkuluengatik «oparitu» duela bere babesa. Alderdiaren udal taldeak, baina, ez du berdin erantzun, eta Beatriz Artolazabal alkateordeak esan du ituna «aberasgarria» dela: «Zerbitzu publikoak eta jendearen bizi kalitatea hobetuko ditu».
Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Araba Buru Batzarreko presidente Jone Berriozabalek esan du EH Bilduk bere burua politikoki nabarmentzeko egin duela akordioa. Maider Etxebarria alkate sozialistak akordioaren onura nabarmendu bazuen ere, Berriozabalek zehaztu du adostutako zuzenketen eragina txikia izango dela, aurrekontu osoaren %0,7 baino ez. Hori dela eta, iritzi dio EH Bilduk «oparitu» egin duela bere babesa, udal taldearen proposamena bere horretan onartu baitu, aldaketa handirik gabe.
Berriozabalek azpimarratu du koalizio subiranistaren lehentasuna ez zela gasteiztarren onura eskuratzea, «lerroburua eta argazkia» lortzea baizik. Izan ere, gogorarazi du Arabako Foru Aldundiaren aurrekontu akordiotik eta Arartekoa aukeratzeko itunetik kanpo geratu zela EH Bildu, eta Eusko Legebiltzarrean ere ez zituela babestu ez Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak eta ez etxebizitzari buruzko lege proposamenak. «EH Bildurentzat ezinbestekoa zen akordioa lortzea, akordio guztietatik kanpo geratu baita azken hilabeteetan», esan du. «Ez dut zalantzarik hori hauteskundeei begira egindako kalkulua dela».
«EH Bildurentzat ezinbestekoa zen akordioa lortzea, akordio guztietatik kanpo geratu baita azken hilabeteetan»
JONE BERRIOZABAL EAJren Araba Buru Batzarreko presidentea
Araba Buru Batzarreko presidenteak gehitu du EAJ prest zegoela oposizioko talde guztiekin negoziatzeko, eta hala jakinarazi ziela gobernu bazkideei ere. Baina adierazi du «logikoena» ituna Elkarrekin-ekin egitea zela, Araban eta Gipuzkoan ere haiekin hitzartu dituztelako aurrekontuak aurten. Berriozabalen arabera, ordea, Elkarrekin-ek berak erabaki zuen negoziazioak eten eta akordiotik kanpo geratzea. PPrekin ituna egitea ere ezinezkoa zela esan du.
EAJk Gasteizko Udalean duen eledun eta alkateordea den Beatriz Artolazabalek ere Elkarrekin-ekin eta PPrekin akordio bat erdietsi ezina nabarmendu du, haien proposamenak «osoko zuzenketak» zirelakoan. Ogasun Batzordean egin ditu adierazpen horiek, EH Bildurekin adostutako zuzenketen alde egin aurretik. Hain zuzen, hark bestelako jarrera bat izan du koalizio subiranistarekin egindako akordioaz aritu denean. Berriozabalek ez bezala, alkateorde jeltzaleak aitortu du EH Bilduren ekarpenek aurrekontua «hobetu eta aberastu» dutela: «Ez da akordio bat egin egiteagatik; aurreko urte guztietako lana sendotzen da», esan du. Halere, nabarmendu nahi izan du zuzenketa horiek ez dutela udal gobernuaren norabidea aldarazi.
Otxandiano: «EAJren ahuldadea erakusten du»
Naiz irratian elkarrizketatu dute Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eleduna, eta, besteak beste, Gasteizko aurrekontuen ituna izan du hizpide. Esan duenez, beste behin ere agerian geratu da EAJren hautua, EH Bildu «gobernagarritasunaren ekuaziotik atera» eta akordioetatik kanpo uztekoa. Otxandianoren arabera, «bozei begira egindako kalkuluak» daude erabaki horren atzean: «EAJren ahuldadea erakusten du horrek, beste ezer baino gehiago. Hori egiten duenak adierazten du bere helburu behinena dela hurrengo hauteskundeetan gailentzea».
EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du «akordio nazionalak» behar direla gaur egungo egoerari erantzuteko, eta iritzi dio alderdien interesak jarriz horiek blokeatzea «arduragabekeria izugarria» dela. Otxandianoren arabera, Gasteizko Udalean azken hitza PSE-EErena izateak egin du ituna posible. «Ematen du EAJ deseroso dagoela egin den akordioarekin, eta hori erabat ulergaitza da», erantsi du.