Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta SF78 Gogoan taldeak asteartean eskatu zioten Espainiari publikoki aitortzeko Martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako sarraskietako biktimak. Orain, Gasteizko Udaleko gehiengoa batu da eskakizun horretara: Espainiako Gobernuari eskatu diote bi gertakarietako sarraskien «erantzukizun nagusia eta zuzena» har dezala.
Udaleko osoko bilkurak gaur goizean onartu du mozioa, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin taldeen babesarekin; PSE-EE eta PP abstenitu egin dira. Mozioan zehaztu dute Pedro Sanchez presidenteak «maila gorenean» hartu behar duela erantzukizun hori.
Era berean, testuan «erakunde arduradunei» exijitzen diete neurri «errealak eta behin betikoak» hartzeko, estatuaren indarkeriaren biktimen eskubideari buruzko egia bermatzeko eta, horrela, justizia eta erreparazioa lortzeko, halakorik berriro gertatu ez dadin.