Martxoaren 3ko eta 78ko sanferminetako biktimek Espainiaren aitortza eskatu dute

Estatuak 1976ko eta 1978ko sarraskietan izan zuen «erantzukizun nagusi eta zuzena» bere gain har dezala eskatzeko mozioak aurkeztuko dituzte Gasteizen, Iruñean eta beste hainbat udalerritan.

Elkarte memorialistek Gasteizko Zaramaga auzoan eman dute ekinbidearen berri. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Elkarte memorialistek Gasteizko Zaramaga auzoan eman dute ekinbidearen berri. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko azaroaren 18a
14:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta SF78 Gogoan taldeak ekainean abiatu zuten ekinbide bateratu bat Espainiari eskatzeko publikoki aitortu zitzala 1976ko eta 1978ko sarraskietako biktimak. Memoria Demokratikoaren Legeaz baliatuta, berrogei eskaera tramitatu zituzten biktimen erreparazio morala galdegiteko. Orain, ordea, urrats bat harago egin nahi dute elkarte memorialistek, eta Espainiari eskatuko diote biktimen aitortza indibidualaz harago estatuak bere gain har dezala hilketetan izan zuen «erantzukizun nagusi eta zuzena».

Eskaera hori erakundeen bidez egingo dute: mozioak aurkeztuko dituzte Gasteizen, Iruñean eta martxoaren 3ko nahiz 78ko sanferminetako sarraskiekin lotura duten Euskal Herriko beste udalerrietan ere, hots, Donostian, Astigarragan eta Basaurin. Hiru puntuko testua izango da, eta ostiralean bertan aurkeztu nahi dute lehena, Gasteizko udalbatzan.

Hala, Espainiak bi kasuetan izan zuen erantzukizuna aitortzeaz gain, berariaz hori aipatuko lukeen adierazpen ofizial bat egiteko ere eskatuko diote Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. Eta gainerako erakunde eskudunei galdegingo diete «benetako eta behin betiko urratsak» egin ditzatela estatu indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatzeko, «eta, horrela, derrigorrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitzeko, antzekoak berriro gerta ez daitezen».

«Badakigu norabide onean egiten dugun urrats bakoitzak bidea ireki dezakeela erakundeek ahaztutako beste biktima askok zor zaien eta oraindik egiteko dagoen aitorpen osoa izateko»

 Martxoak 3 elkartea eta SF78 Gogoan taldea

Gaur aurkeztu dute proposamena bi elkarteotako ordezkariek eta eskaera babestu duten zenbait elkarte memorialistak, Gasteizen, Zaramaga auzoko oroitarriaren ondoan. Horien guztien izenean hitz egin dute, batetik, Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinezek eta, bestetik, SF78 Gogoan taldeko Ramon Contrerasek. Agerraldian azaldu dutenez, helburua da Polizia indarkeriaren biktima guztien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko «beste bide bat» zabaltzea.

«Badakigu norabide onean egiten dugun urrats bakoitzak bidea ireki dezakeela erakundeek ahaztutako beste biktima askok zor zaien eta oraindik egiteko dagoen aitorpen osoa izateko». Izan ere, adierazi dutenez, Memoria Demokratikoaren Legean jasotzen den prozedura kolektiboki egin badaiteke ere, estatuaren aitortzak oraingoz indibidualak direla. «Horregatik, marko indibiduala gainditzea nahi dugu. Zera eskatzen dugu: biktimak banan-banan aitortzen badira, modu kolektiboan ere onartzeko».

Gogorarazi dute biktimak askoz gehiago direla, «ehunka edo milaka gehiago», gaur-gaurkoz soilik berrogei aitortza eskaera aurkeztu badituzte ere. «Horiek errepresio estrategia baten izozmendiaren punta baino ez dira». Azaldu dutenez, eskaera horiek tramitatzen ari da oraindik Espainiako Gobernua; batek edo bestek jaso du erantzuna, baina ez denek. Halere, jaso dutenen artean ez da ezezkorik.

Erakundeak, biktimen bizkar

Mozioak aurkezteko data ez da ausazkoa, aste honetan beteko baitira 50 urte Francisco Franco diktadorea hil zela. Elkarte memorialistek oroitarazi dute, ordea, diktadorea hil ondorengo urteetan ere estatu indarkeria «sistematikoki» praktikatzen jarraitu zela, eta «zigorgabetasun osoz», gainera. Bada, azpimarratu dute haiek direla indarkeria horren «biktimak eta lekukoak», eta salatu dute erakundeen partetik babesik ez dutela.

Hori agerian geratu da gaurko prentsaurrekoan, hain zuzen ere Martxoak 3 elkarteak salatu baitu fundazioko patronatuko kideek bizkarra eman diotela beste behin ere biktimen elkarteari. Kazetarien bidez jakin dute orain ere Jaurlaritzako, Arabako Aldundiko, Gasteizko Udalako eta gotzaindegiko ordezkariek bilera egin zutela atzo oroimen zentroari buruz hitz egiteko.

Martxoak 3 elkartea ez da patronatuko kidea, baina, bileraren berri modu horretan jakitean, oso minduta hitz egin du 1976an hil zuten bost langileetako baten iloba eta biktimen elkarteko eledun Martinezek: «Guk ez genekien elkartu direnik. Atzo jaso nuen mezu bat esanez patronatuaren bilera bat egin nahi zutela abenduaren hasieran, eta bi egun proposatu zizkiguten. Erantzun genien horietako batean ezin genuela, baina bestean baietz. Baina ez nekien bilera egin zutenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.