Gasteizko Udalak frankismoarekin loturiko bi kaleren izenak aldatu ditu

San Martin auzoko Saenz de Tejada Margolariaren kaleak 'Paz Diaz de Espada' izena hartu du, eta Vicente Abreu Margolariaren kaleak, berriz, 'Frida Kahlo'.

Langile bat Saenz de Tejada margolari frankistaren kale plaka kentzen, San Martin auzoan. GASTEIZKO UDALA
Langile bat Saenz de Tejada margolari frankistaren kale plaka kentzen, San Martin auzoan. GASTEIZKO UDALA
Aratz Aranburu
2026ko urriaren 20a
13:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak diktadura frankistarekin lotutako bi kaleren izenak aldatu ditu San Martin auzoan. Hain zuzen ere, Saenz de Tejada Margolariaren kaleak Paz Diaz de Espada margolariaren izena jasoko du, eta Vicente Abreu Margolariarena, berriz, Frida Kahlo artista eta aktibista mexikarrarena.

Carlos Saenz de Tejada margolaria estuki egon zen lotuta 1936ko altxamenduarekin, frankistentzako kartel eta artelan ugari ekoitzi baitzituen. Gerra ostean ere, ibilbide oparoa izan zuen garai hartako erakunde frankisten abaroan. Saenz de Tejadaren izena ordezkatzeko, beste margolari baten izena hautatu du udalak: Paz Diaz de Espadak emango dio aurrerantzean izena kaleari. Diaz de Espada Gasteizen jaio zen, 1931n, eta topografo errepublikazale baten alaba zen. 1980ko hamarkadatik aurrera, ibilbide oparoa izan zuen artista plastiko eta margolari gisa, hil zen arte, 2021era arte.

Vicente Abreu, berriz, margolari izateaz gain, militarra ere izan zen, eta aktiboki hartu zuen parte errepublikaren aurkako altxamenduan. Gasteiztarra jaiotzez, bertan harrapatu zuen altxamenduak, eta erregimentu burua izan zen Camilo Alonso Vega matxino ezagunaren aginduetara. Arabako Foru Aldundi frankistaren ahaldun nagusia izan zen 1943tik  1944ra, baita probintziako gobernadore militarra ere. Pintura zalea zen, eta haren lanek harreman zuzena zuten militarismoarekin eta frankismoarekin. Frida Kahlo artista mexikar ezagunaren izenak ordezkatuko du Abreurena.

Frankismoa hiritik ezabatu

Maider Etxebarria alkateak uztail hasieran iragarritako asmoari erantzunez aldatu dituzte kaleon izenak. Alkatearen esanetan, ekinaldiaren helburu nagusia frankismoari lotutako izendapenak hiri espaziotik ezabatzea da, memoria demokratikoa sustatzeko. Aldi berean, emakumeek kale izendegian duten «presentzia eta ikusgaitasuna» nabarmen handitzea du helburu Gasteizko Udalak. Egitasmo horrek denboran bat egin dut Arabako Foru Aldundiak 1936ko altxamenduarekin harremana zuten pertsonei ohorezko titulu eta karguak kentzeko bultzatu dituen neurriekin. 

Bestalde, Miñaoko (Araba) Juan de la Cierva kalearen izena Margarita Salas biokimikariaren izenarekin ordezkatzea aurreikusi dute. Autogiroaren asmatzailea izateagatik da ezaguna de la Cierva, murtziarra jaiotzez, baina Francoren altxamenduan parte hartze zuzena izan zuen, hura izan baitzen gero diktadore izango zena Kanarietatik penintsulara eramango zuen Dragon Rapide hegazkina lortzen lagundu zuena. Hori dela eta, udalak haren izena kentzea ere deliberatu du. Egindako aldaketa guztiek Alkatetza Sailak kontsultatu dituen adituen babesa jaso dute.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA