Arabako Aldundiak zortzi frankistaren ohorezko tituluak baliogabetuko ditu

Francori eta Molari «probintziaren aita» titulua kendu ostean, EAJk eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuak eta Elkarrekin Ahal Dugu-k Martxoaren 3ko egun sinbolikoa adostu dute 1936ko altxamenduan parte hartu zutenei ohoreak kentzeko.

Camilo Alonso Vega, Gobernazio ministroa, Gasteizko Mateo Benigno de Moraza kaletik desfilatzen, 1957ko Andra Mari Zuriaren jaietan. ALBERTO SCHOMMER KOCH / ARABAKO ARTXIBOA
Camilo Alonso Vega, Gobernazio ministroa, Gasteizko Mateo Benigno de Moraza kaletik desfilatzen, 1957ko Andre Maria Zuriaren jaietan. ALBERTO SCHOMMER KOCH / ARABAKO ARTXIBOA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 2a
10:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Arabako foru aurrekontuen akordioaren barnean, memoria historikoaren inguruko hainbat neurri adostu zituzten Elkarrekin Ahal Dugu-k eta Arabako foru gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk. Horietatik oihartzun handiena izan duena, beharbada, Franco diktadoreari eta Molari, 1936ko kolpe militarraren antolatzaileari, «probintziaren aita» titulua kentzea izan da. Hala ere, Batzar Nagusiek mozio hori eztabaidatu zutenean, Elkarrekin taldeko ordezkari David Rodriguezek iragarri zuen «lehen pausoa» baino ez zela, laster «altxamendu militarrean parte hartu zutenei emandako ohore, izendapen eta domina guztien erregistro bat» sortuko baitzuten akordio horri segituz, zerrenda horretako pertsonei ohoreak kentzeko. Gaur argitaratu dituzte zerrenda horretako izenak, eta Martxoaren 3ko «egun sinbolikoan» haien izendapenak baliogabetuko dituztela ere iragarri dute.

Zortzi dira «behin betiko» zerrenda horretan ageri direnak, eta guztiek kolaboratu zuten, era batean edo bestean, Espainia gerra zibilera eraman zuen 1936ko altxamendu militarrarekin. Horietako lehenengoa Francisco Franco diktadorea bera da. Izan ere, «probintziaren aita» eta «ohorezko ahaldun nagusi» tituluez gain, Arabako domina ere jaso zuen, eta hori ere baliogabetuko diote. Diktadorearekin batera, beste zazpi frankistak galduko dituzte tituluak: Camilio Alonso Vega, Vicente Abreu Madariaga, German Gil Yuste, Enrique Uzquiano Leonard, Luis Orgaz Yoldi, Jose Luis Arrese eta Lorenzo de Cura Lope dira horiek. 

Militarrak, falangistak eta karlistak

Zazpi horietatik, gehienak militarrak dira. Tartean dira Gasteizen altxamendu militarraren buru izan ziren ofizialak —Camilo Alonso Vega teniente koronela eta Vicente Abreu Madariaga koronela—. Alonso Vega pertsonaia garrantzitsua izan zen erregimen frankistaren barruan, Guardia Zibilaren zuzendari nagusi eta Gobernazio ministro karguetan aritu baitzen. Biek jaso zuten Arabako domina, eta orain ohorezko titulu horiek kentzea onartuko du Arabako Foru Aldundiak.

Espainiako Bigarren Errepublika suntsitzeko konspirazioan parte hartu zuten militarrak ziren German Gil Yuste, Enrique Uzquiano Leonard eta Luis Orgaz Yoldi. Horietako bakoitzari ohorezko tituluren bat eman zion Arabako Foru Aldundiak: Arabako boluntarioen domina Uzquianori, eta Seme Kutunaren Domina Orgazi. Gil Yuste, berriz, «Arabako adopziozko seme» izendatu zuten. Hiru titulu horiek ere baliogabetuko ditu orain aldundiak.

Ohoreak jaso zituzten frankista guztiak, ordea, ez ziren militarrak, eta aipaturiko zerrendan frankismoan garrantzitsu izan ziren bi politikariren izenak daude. Izan ere, «Arabako adopziozko semea» zen Jose Luis Arrese Magra bilbotarra ere, falangista nabarmena eta Francoren gobernuan Etxebizitza ministro ere izandakoa. Hura ere titulu gabe geratuko da. Arabako urrezko domina galduko du Lorenzo de Cura Lope politikari karlistak ere, Arabako ahaldun nagusi izandakoak. 

Foru gobernuak Martxoaren 3ko data sinbolikoa erabiliko du, erran bezala, pertsona horiei guztiei ohorezko tituluak kentzeko. David Rodriguez Elkarrekin taldeko batzarkideak adierazi duenez, pausoa «beharrezkoa» da, baina «berantiarra, oso berantiarra». Azpimarratu du ez dutela etsiko EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea «zehatz-mehatz» bete arte eta pertsonaia horiek «oroimenean dagokien lekua izan arte: lotsarena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.