Hiru hilabeteko abisu aldiaren ostean, gaur hasiko dira isunak ipintzen Gasteizko Alde Zaharrean eta haren inguruko zenbait kaletan baimenik gabe sartzen diren ibilgailuei. Mapa honetan ikus daiteke udalak eremuaren inguruan non ipini dituen kamerak.
Irailaren 15ean abiatu zuten prozesua, eta, joan den astean Gasteizko Udalak helarazi zituen datuen arabera, ordutik egunero 4.000-5.000 ibilgailu sartu dira eremura. Horietako, %93 baimendutako etiketekin sartu dira —0, A eta B pegatinadunak—, eta ia gainontzeko guztiak salbuespen egoerak dira: bertako egoiliarrak, eremuan garajea edo saltokia dutenak, edo mugikortasun urria dutenak. Espazio Publiko eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek adierazi zuen baimendutako autoak eta salbuespenezko kasuak albo batera utzita egunero 50-80 ibilgailu inguru sartzen direla EGEn inolako baimenik gabe, hau da, ibilgailu guztien %1,3-1,6.

Gaur arte 0, A edo B etiketarik ez duten ibilgailu horien jabeek eskutitz bat jaso dute etxean, oharpen batekin, baina gaurtik aurrera 200 euroko isuna jarriko diete.