«Gora Trebiñu, gora Araba, eta gora sagardoa»

Trebiñuko Askartzan eman diote hasiera Arabako txotx denboraldiari, Dupla taldearen eskutik, bertsolarien, txalapartaren eta albokaren doinuek inguraturik. Jende ugari bildu da uztaren fruitua dastatzeko.

Duplako Beñat Uribe eta Gari Uriarte, txotx garaiaren irekiera ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Duplako Beñat Uribe eta Gari Uriarte, txotx garaiaren irekiera ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Askartza
2026ko urtarrilaren 15a
16:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tokitan dago Trebiñuko Askartza (Araba) herrixka. Gasteiztik joanda, Zaldiaraneko mendatea igaro eta Trebiñu herrian ekialdera eginda, k akrata batekin zuzenduriko Ascarza seinale bakartiak erakusten du bertarako bidea. Errepide mehar bat hasten da hor, eta handik doan gidariak sarritan galdetuko dio bere buruari ea hurrengo bueltan herria agertuko ote den edo, alderantziz, erabat galduta ote dabilen. Fede apur batekin eta kontu handiz errepidean gora jarraituta, ordea, hantxe agertzen da muino baten gainean Askartzako herria. Ez da Arralde bezain ezaguna, baina hara ere Goenkale izeneko kale estutik sartzen da. Eta hortik ezkerrera eginda, han dago Trebiñu sagardotegia. Bertan eman diote hasiera gaur Arabako txotx denboraldiari.

Koldo Markinez sagardotegiaren sortzaileak egin die harrera bertara bildu diren dozenaka sagardozaleei. Esperientzia (eta etorri) handiko sagardogilea da, gustura kontatzen ditu ekoizpenaren nondik norakoak. Duela 25 urte landatu zituzten lehenengo sagarrondoak, eta orain 3.000 arbola inguru izango dituzte, zenbait lursailetan. Atetik etengabe sartzen aritu diren gonbidatuen agurrekin tartekatuta eman ditu azalpen horiek, jende andana joan baita gaurko ekitaldira.

Ekitaldia hasi baino ordu laurden lehenago, jendez mukuru bete da sagardotegia, eta ez da txikia. Ez dira arabarrak soilik joan: Itxaro eta Miguel, adibidez, Arrasatetik (Gipuzkoa) joan dira Arabako sagardoa dastatzera. Gehienentzat ez da lehenengo aldia: urtero etorri ei da Asier, gasteiztarra bera, eta aurten semea, Izei, ere ekarri du. Adi begiratzen dio semeak aitaren edalontziko sagardoari. Oraindik ezin du dastatu, baina giroaz, behintzat, busti da. Giro ederra sortu baita sagardotegian; 90 bat pertsona izango ziren ekitaldia hasi denerako.

Tradizioa, berritasunaren eskutik

Aire tradizionalak izan dira hasieran, txalapartaren soinuekin hasi baitute ekitaldia, jatorria sagar jotzearen aspaldiko teknikan duen hotsarekin, alegia. Egurren kolpeak artean sagardotegiko harrizko hormetan oihartzun egiten ari zirela, bertsolarien txanda iritsi da. Rikardo Gonzalez de Duranak bota du lehen bertsoa, eta guztiei «urte berri on, ongi etorri/ eta sagardo berri on» opatu die. Irudi tipikoa osatzeko, trikiti, pandero eta alboka hirukoteak hartu dio lekukoa bertsoari.

Alta, aire berriak ere nahastu dira sagardotegietako aire tipikoekin. Horren erakusgarri, Julen Markinezek hartu du hitza, Koldo Markinezen semeak, aitarekin batera bera arduratzen baita sagardotegiaz. Hark kontatu ditu azken uztaren nondik norakoak: 120.000 kilo sagar bildu dituzte Araban, eta 80.000 litro sagardo ekoitzi.

Arabako 2026ko txotx aurkezpena

Sagarrondo gaztea landatzen, ekitaldiaren amaieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Itxuraz datuak makalak ez badira ere, aurtengoa «uzta irregularra» izan dela azaldu du Julen Markinezek. Iparraldean, Aramaion esaterako, uzta ona izan dela esan du; ez, ordea, Lautadan eta Trebiñu aldean. Gorabeherak gorabehera, aurtengo sagardoa «paregabea» dela ere iragarri du. Baten batek zalantzarik balu ere, orduan iritsi da sagardoa dastatzeko garaia, eta horretarako ere aire berriak nahi izan dituzte antolatzaileek: musika urbanoa joz ezagun egin diren Aguraingo (Araba) Dupla bikotea izan da lehen tantak dastatzearen arduraduna.

Sagardo «itzela»

Upelen artera igarota, Duplako kide Gari Uriartek eta Beñat Uribek laster ekin diote urrezko zukua dastatzeari. Ez dute askorik esan, Uribek berak gero aitortu duenez, sagardozale petoak baitira. Uriarteren aldarri laburra izan da hitzaurre bakarra: «Gora Trebiñu, gora Araba, eta gora sagardoa». Itzulinguru gehiago gabe, ireki dituzte upelak, eta urteko lehen sagardoa dastatzeko aukera eman dute. Edariaren mikaztasun leunak berehala busti ditu eztarriak. «Itzela» da aurtengo sagardoa, Duplakoen hitzetan.

Denbora askorik ez da izan, ordea, txotxaldiaz gozatzeko, ekitaldiko azken atalera igaro baitira fite: Duplakoek sagarrondo gaztea landatu dute sagardotegiko lorategian. Han ere ez dira falta izan bertsolarien kantak, umorez eta adarjotzez beteak. Rikardo Gonzalez de Duranari Felipe Juaristi eta Asier Otamendi batu zaizkio bertsotan. Lehenak ironia zorrotzez iradoki du Duplak behingoz «zer edo zer ona» egin duela, eta bigarrenak, Iparragirreren Gernikako Arbola parodiatuz, eskaera egin dio etorkizunerako arbola landatu berri horri: «Eman ta zabal zazu /Trebiñun fruitua».

Ekitaldi hain oparoaren ostean, bazkari are oparoagoari ekiteko ordua iritsi da, eta sagardotegi bateko bazkariak behar zituen osagai guztiak izan ditu oturuntzak: odoloste taloa, bakailao tortilla, bakailaoa pil-pilean, txuleta; gazta, menbrilloa eta intxaurrak; kafea eta txupitoa. Odoloste taloa bezain ona bazegoen ondorengoa, berandu eta ase etxeratuko ziren bazkaltiarrak. Beste gauza bat ere segurua da: gozo eta on dator aurten Araban sagardoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.