Martxoaren 3ko gertakarien ondoren, Lluis Llach abeslari katalanak Campanades a morts ereserki ezaguna argitaratu zuen, egun hartako sarraskiaren biktimen omenez. Urte hartako gertakarien 50. urteurrenean, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak memoria bizirik mantentzeko eta egun hartan hildakoak omentzeko beste ereserki musikal baten beharra ikusi du, eta artearen bitartez gar horri bizirik eusteko saiakera horren fruitua da gaur aurkeztu duten kanta, Amets berriak izenekoa. Karmele Jaio idazlearenak dira hitzak, eta Idoia Asurmendi abeslariak jarri die ahotsa. Abesti horrekin, 50 izango dira egun hartako gertakariak gogoratzeko egindako abestiak, 50. urteurrenarekin bat egiteko elkarteak borobildu nahi izan duen zenbakia, hain zuzen ere.Â
Abestiaren lehen bertsioa, hiru minutukoa, entzungai dago YouTube plataforman. Sei minutuko bertsio luzeagoa ere prestatu dute, koruak eta hari instrumentuak gehituta. Azken hori entzuteko, ordea, apur bat gehiago itxaron beharko da. Izan ere, Martxoak 3 elkarteak editatutako duen binilo berezian aditu ahal izango da bertsio hori.
Alde batean, Amets berriak kantaren bertsio luzea egongo da biniloan, eta, bestean, Campanades a morts famatua. Aurresalmentarako eskuragai dago jada diskoa, Serigrafia.eus web orrialdean, 25 euroren truke, Angel Hellan artista gasteiztarrak diseinaturiko poltsarekin batera.Â