Atzo bildu ziren Arabako esku hartze sozialaren arloko sindikatuak eta sektoreko AISA patronala, Gasteizko Precoren egoitzan, baina bilerak ez du balio izan sindikatuen ildoa aldatzeko. Izan ere, hamalau hilabeteko negoziazioen ostean, ez dirudi sektoreko laugarren hitzarmen kolektiboa hurbilago dagoenik: sindikatuen ustez, patronalaren jarrera «onartezina» da oraindik ere, eta AISAk atzo egindako akordio proposamen berrian «sektoreak eskatzen dituen edukiak» falta dira. Hori ikusita, gaurko greba deialdiari eutsi zioten ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, eta, goizean egindako mobilizazioen ondoren, «arrakastatsu» iritzi diote gaurko mobilizazioari. Aurtengo laugarren greba eguna izan da sektorean, eta iragarri dute maiatzean halako gehiago izango direla negoziazioetan aurrerabiderik izan ezean.
Ikusi gehiago
Gasteizko Probintzia plazan egin dute gaur goizean elkarretaratzea langileek, eta, handik abiatuta, manifestazioa egin dute. Lan baldintzen «ekiparazioa» da haien aldarri nagusia, sektorean azpikontratatuta lan egiten duten beharginen baldintzak langile publikokoenekin berdintzea, alegia. Sindikatuen ustez, patronalak eta erakundeek helburu hori erdiesteko erabateko «borondate falta» erakutsi dute, eta ohartarazpena egin dute: «Negoziazio mahaiak aurrera egiten ez badu, mobilizazioen eta greben intentsitatea handitu egingo da maiatzean». Oraingoz, maiatzaren 9rako «mobilizazio handira» deitu zuten sindikatuek joan den astean, eta bere hartan dirau.