Greba eta mobilizazioak Arabako esku hartze sozialaren sektorean

Apirilaren 22rako beste greba egun bat eta maiatzaren 9rako «mobilizazio handia» egitea adostu duten egun berean, sindikatuek patronalaren negoziazio proposamen bat jaso dute. Hilaren 21ean bilduko dira.

Apirilaren 22rako grebara dei egiten duten afixak, gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Apirilaren 22rako grebara dei egiten duten afixak, gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 15a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako esku hartze sozialaren sektoreko negoziazio mahaia eratu zenetik hamalau hilabete igaro dira jada. Denbora horretan, patronalaren negoziatzeko «erabateko borondate falta» salatu dute sindikatuek, eta greba eta mobilizazio ugari egin dituzte. Urtarriletik daramate greba egunetara deitzen sektoreko langileek, eta dinamika horri eusteko borondatea erakutsi dute gaur: apirilaren 22rako beste greba egun bat iragarri dute, eta maiatzaren 9rako «mobilizazio handira» deitu dute, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen sostenguarekin, sektore publikoko soldatekin «berdintzea» eskatzeko.

Gaurkoan ere, horixe bera zen langileek eskuetan zeramatzaten afixa moreen aldarri nagusia, antitesiaren bitartez plazaratua: kartelaren alde batean, sektore pribatuko langileen soldatak ageri ziren; bestean, berriz, sektore publikoan postu horiexengatik kobratzen dutena. Erdian, arrakala beltza: lanpostuaren arabera, urtean 7.000 eta 16.000 euro artekoa da aldea, sektore pribatuko langileen kaltetan. Esaterako, gizarte hezitzaile batek 48.000 euro pasatxo kobratuko lituzke sektore publikoan; funtzio horixe bera betetzen duen lanpostu batek, berriz, 32.000 eurora iristen ez den ordainsaria luke sektore pribatuan.

Afixa horietarako kolore morea aukeratu izana ere ez da kasualitatea: feminismoarekin eta emakumeen aldeko aldarriekin lotzen da kolore hori, eta esku hartze sozialarena sektore erabat feminizatua da. Langile gehienak emakumeak dira, eta gaurko mobilizazioa izan da horren erakusgarria: bildutako beharginen artean gizonezkoren bat bilatzen zuenak zailtasunak izango zituen bat aurkitzeko, andrazkoak baitziren han bildutako gehienak. Azken datuen arabera, sektoreko mila langileen %75 emakumeak dira. 

Patronalak eta erakundeek, «entzungor»

Soldata horien arteko arrakala desagerraraztea da sindikatuek AISA patronalari egin dioten eskaera nagusia. Esku hartze sozialaren sektore pribatuko patronal nagusia da AISA Araban, eta 19 elkarte, fundazio eta erakunde biltzen ditu. Sindikatuen ustez, jarrera «onartezina» erakutsi du negoziazioetan. Izan ere, aurreko otsailean iragarri zutenez, hilabete horretan AISA patronalak egindako eskaintza 2025eko uztailean egindakoa baino okerragoa zen. Sindikatuen ustez, hori ez da «inondik inora ere onargarria», kontuan harturik Arabako Foru Aldundiaren 2026rako aurrekontuek 850.000 euro aurreikusten zituztela sektoreko hitzarmen berriak jasoko lituzkeen berrikuntzak ezartzen laguntzeko.

Instituzioekin eta ordezkari politikoekin ere oso kritiko agertu dira sindikatuak, batez ere Gizarte Politiketarako foru diputatu Gorka Urtaranekin eta Gizarte Politiketako Gasteizko Udaleko zinegotzi Lucho Royerorekin. «Egoera desblokeatzeko ezer ez» egitea leporatu diete, eta lan gatazkan rol aktiboagoa izateko eskatu. Udalaren «ekarpen tamalgarria» deitoratu dute sindikatuek, eta kritika gogorrak egin dizkiote Royero zinegotziari, azaroan sindikatuei «huts egin» zielako, hitzartua zuten bilerara ez baitzen agertu. Erakundeek «entzungor» egin dietela sentitzen dute langileek, sektoreko zerbitzuen %60 Arabako Foru Aldundiak eta %30 Gasteizko Udalak kudeatzen badituzte ere.  

Negoziazioak berriro martxan

Hala ere, bada esperantza izpi bat. Sindikatuetako bozeramaileek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, atzo, langileak batzarrean bilduta mobilizazio egutegi hori adosten ari zirela, patronalaren bilera eskaera jaso zuten. Otsailean sindikatuek aurreko eskaintza arbuiatu zutenetik, etenda zeuden negoziazioak. Apirilaren 21ean bilduko dira sindikatuak eta patronala, azken horrek negoziazio proposamen berri bat aurkeztuko baitie.

Sindikatuetako ordezkariak ez dira bereziki baikor agertu AISAren orain arteko jarrera ikusita. «Ez gara geldituko merezi dugun hitzarmena lortu arte», laburbildu du haien asmoa ESK-ko bozeramaile Jabier Saenzek, eta azpimarratu du maiatzean mobilizazio dinamika gogortzea aurreikusia dutela, akordio batera iristen ez badira bederen. Erakundeenganako presioa gogortzea ere aurreikusi dute, eta «udalbatza eta batzordeetan» haien ahotsa entzunarazteko asmoa agertu dute sindikatuek. Gasteizko Probintzia plazan, behintzat, ozen entzun da ahots hori, prentsaurrekoaren ondoren hasi den protestan. «Aurrera, lortuko dugu!» erranda amaitu dute sindikatuen ordezkariek agerraldia, bildutako langileei kuraia eman nahian. Beharko dute, luze baitoaz negoziazioak, eta momentuz akordiorik ez baita ageri zerumugan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA