Denbora gutxi geratzen zaio Loiolako kuartelari (Donostia). Ehun urte beteko dira aurten Espainiako Armadaren egoitza hori eraiki zutenetik, eta kuartela eraitsi eta bertan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko aspaldiko asmoa aurrera eraman dute instituzioek. Iazko udan bereganatu zuen Donostiako Udalak Loiolako kuarteleko lursaila. Izan ere, Donostia tentsio handiko eremua da, eta ez da lekurik sobran etxebizitzak eraikitzeko. Udal gobernuak, hortaz, kuarteleko militarrek ahal bezain laster alde egitea nahi du, obrak hasi eta etxeak eraikitzeko. Militar horiek nola lekualdatu, ordea, erantzunik gabeko galdera bat da. Espainiako Gobernuak armadak Arakan (Gasteiz) duen basera eraman nahi ditu soldaduak, baina asmo horren aurka agertu da gaur EH Bilduren Gasteizko udal taldea.
Koalizio horretako zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendik adierazi du taldearen arbuioa, udalbatzan. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Arakako basea handitzeko 4,4 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, Loiolako basean zeuden militarretako laurehun bertara lekualdatzeko. Larramendiren hitzetan, argiak eta itzalak ditu berriak: «Oso albiste ona da Espainiako armada Loiolako kuarteletatik ateratzea, baina ez Arakara ekartzeko. Militarrak Loiolatik ateratzeak balio dezala Espainiako armada Euskal Herritik ateratzen has dadin».
Kendutako lurrak itzultzea
Ez da Gasteizko Udalak halako egoera bati aurre egin behar dion lehenengo aldia. 2015ean, Espainiako Gobernuak Arakako basea handitu nahi izan zuen, Burgostik 250 militar eramateko Gasteizera. Orduko hartan, udalbatzak lekualdatze horren aurkako mozioa onartu zuen, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos alderdien botoekin. Ruiz de Larramendik haren antzeko akordio bat bilatzea eskatu du gaurko bilkuran, «lekualdatzea bertan behera uzteko eskatzeko». Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak sinatutako akordioaren arabera, 2025eko uztailetik hasita, lau urte dituzte militarrek Loiolatik ateratzeko. Ikusteko dago nora eramango dituzten.Â
Aldarrikapenak harago ere eraman ditu EH Bilduko zinegotziak, eta «militarrek frankismoan okupatutako lurrak» Gasteizko Udalari itzultzeko ere eskatu du. Izan ere, 1960ko hamarkadan bereganatu zituen Espainiako armadak lur horiek, frankismoan indarrean zen Nahitaezko Desjabetzeen Legea erabilita. Ruiz de Larramendik salatu du armadak 714 hektarea horiek desjabetu izanak «milioi askoko zorra» utzi ziela tokiko erakundeei, eta ez duela «inolako onurarik ekarri Arabako eta Gasteizko biztanleentzat». Hortaz, zinegotziak zehaztu du Loiolako militarrak Arakara ez etortzeko eskatuko duela, baita base militarra kentzeko eta lur horiek tokiko erakundeei itzultzeko ere.
Lehenago ere eskatu izan du Gasteizko Udalak Arakako lurrak berreskuratzea. 2003an, esaterako, oposizioak bat egin zuen PPren udal gobernuaren aurka, Arakako lurrak itzultzeko eskatzen zuen mozio bat onartzeko. Alta, Espainiako Gobernuak entzungor egin die orain arte halako eskaerei.