Irundik (Gipuzkoa) Madrilera doan trenbidea zeharkatzeko, trenbidetik igarotzen den pasagune bat gurutzatu behar zuten orain arte Erriberabeitia udalerriko Manzanos (Araba) herritik igarotzen ziren bidaiariek. Alta, istripu ugari izaten ziren pasagune hartan, eta, horregatik, Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen, ibilgailuentzako saihesbide bat eraiki, eta, hala, trenbide gaineko pasabidea behin betiko ixteko. Gaur inauguratu dute ofizialki Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak.Â
Saihesbide berria 1.450 metro luze da, eta A-3310 errepidea Manzanosko goiko auzunearekin lotzen du, trenbidea albo batera utzita. 3,8 milioiren lanak egin, eta modua izan dute Manzanosko trenbide pasagunea ibilgailuentzat ixteko. Oinezkoentzat irekita egongo da oraindik, aldundia zain baitago Adif enpresa publikoak oinezkoentzako lurpeko pasabide bat noiz eraikiko. Ordura arte, irekita eutsiko diote trenbide gaineko igarobideari, «segurtasun neurri guztiak» ezarrita.Â
Adifek espero du lan horiek 2027ko udaberrian amaitzea. Behin Manzanosko pasabidea itxita, trenbide gaineko pasabide bakarra geratuko da Arabako lurraldean. Hura ere Erriberabeitia udalerrian dago, Pobes herrian. Jon Nogales foru diputatuaren esanetan, aldundiak asmoa du pasabide hori ere ixteko, eta 2027an herria gurutzatzen duen A-2622 errepidearen saihesbidearen lanei ekiteko.