Gasteizko Jundizko industrialdea izugarri handitu da azken urteetan, eta zabalkunde horrek izan du albo kalterik. Horietako bat da Margaritako kontzejua: garai batean landa eremuko herrixka bat zena pabiloiek eta fabrikek inguraturik geratu da orain. Hiru aldetan industrialdea duela eta laugarrenean A-1 trenbidea, herrirako sarrera bakarra Jundiztik bertatik igarotzen da. Alta, auzokideek sarri blokeaturik aurkitzen dute, herriak ondoan dituen lau gasolindegietakoren batera doazen kamioiek bertan aparkatzen baitute, gasolina botatzeko zain.
Egoera «itogarria» salatzeko, auzokideek SOS Margarita plataforma sortu zuten duela urte batzuk. Luzaro daramate Gasteizko Udalari egoera konpontzeko neurriak eskatzen, eta bosgarren gasolindegiarena da zabaldu zaien azken frontea: lau nahikoa ez, eta udalak beste bat egiteko baimena eman du. SOS Margaritak alegazioak aurkeztu zizkion proiektu horri. Alegazio horiei erantzunez, udalak «hazten doan gatazka bat» dagoela aitortu du, eta eraikitzaileari ikerketa gehiago eskatu dizkio gasolindegiaren inpaktuari buruz. Auzotarrentzat, ez da nahikoa: «berehalako» neurriak behar dira, «ezbeharren bat» gertatu baino lehen.
Margaritako administrazio batzarreko presidente Laura Lopez de Mendigurenek eta SOS Margaritako presidente Arturo Lopez de Sabandok adierazi dutenez, kamioien etengabeko trafikoak «zikinkeria, zarata eta kutsadura arazoak» eragiten ditu. Hala ere, «segurtasuna» da Margaritako bizilagunen kezka nagusia. «Margaritak sarbide bakarra du. Bide hori etengabe kamioiek oztopatzen badute, nola sartuko dira anbulantziak edo suhiltzaileak, edo nola irtengo gara auzotarrok, larrialdiren bat badago?», adierazi du elkarteak, ohar bidez.
Hori dela eta, udalari egoera «benetan» ebaluatzeko eskatu diote, bosgarren gasolindegia eraikitzeko egitasmoari onespena eman baino lehen. Gainera, udalak gasolindegiaren bultzatzaileari eskatu dizkion ikerketak eta udalaren txostenak jasotzeko eskatu dute, horrela alegazioak «gardentasun osoarekin» aurkeztu ahal izateko. Azkenik, «hartutako konpromisoak» betetzeko exijitu diote udalari. «Gasteizko Udalak inguruetan aparkatzea debekatu zuen, eta hitzeman zuen arazoak konponduko zituela, baina kamioiek inguruan aparkatzen jarraitzen dute», deitoratu dute auzotarrek.