Sindikatuek Martxoaren 3aren 50. urteurrenerako mobilizazio bateratuak iragarri zituzten joan den otsailaren 9an, baina horietako bakoitzak ekitaldi eta mobilizazio propioak ere prestatu ditu urteurren borobilaren inguruan, gertakarien eta haien memoriaren inguruko interpretazio propioak egiteko. ESK sindikatua izan da horietako bat, eta gaur mobilizatu dira Gasteizko Martxoaren 3ko plazan, 09:30ean, sarraskiaren 50. urteurrena oroitzeko. Bertan egindako manifestazioaren hasieran, azken urteetako borrokaren lorpenak zerrendatu dituzte sindikatuko ordezkariek, eta Martxoaren 3aren memoriaren aldeko borrokan sindikatuak izandako rola balioetsi dute. «Martxoaren 3a maiatzaren 1ean lurperatuta ez geratzea» lortu izana nabarmendu dute, eta azpimarratu dute Martxoaren 3ko borrokan sortu ziren «elkartasuna, parte hartzea eta lan balioak» sindikatuarentzat «bidea argitzeko itsasargia» direla oraindik ere, 50 urte geroago.
Hala ere, lorpenak balioesteaz landa, nabarmendu dute oraindik ere asko dagoela egiteko Martxoaren 3ko gertakarien memoria eta erreparazio osoa lortzeko. Espainiako Estatuak «biktimak aintzat hartu» eta «errudunak epaitu» ditzala exijitu dute, eta Martxoaren 3ko Oroimenezko Zentroa «behingoz» irekitzeko eskatu dute. Memoria gune hori «espazio irekia, plurala eta parte hartzailea izan behar da», ESKren arabera, biktimen memoriaren alde lan egin duten eragile guztiak haren baitan hartzeko.
Goizeko mobilizazioaren ostean, mahai inguru bat egin dute Gasteizko Aldabe gizarte etxean, Iñaki Martin, Bego Oleaga eta Ignacio Funes ESK-ko militante historikoen partaidetzarekin. Solasaldian, 1976ko sarraskiaren lekukoek beren testigantzak eman dituzte, eta ESK-ko militanteek garai hartako borrokaren inguruko interpretazioa egin dute. Beste sindikatu eta erakunde batzuek egin bezala, gaur egungo borroka sindikalarekin lotu dute orduko langileen borroka, eta datorren martxoaren 17an egingo den greba orokorreko aldarrikapenak 1976ko grebalarien aldarrikapenen oinordeko gisa aurkeztu dituzte, baita egun horretan mobilizatzera deitu ere.