«Blokeoa», «immobilismoa», «negoziatzeko borondaterik eza». Horrelako akusazioak eta antzekoak egin izan dizkiote sindikatuek patronalari, Arabako metalgintzaren sektoreko lan hitzarmen berriaren negoziazioan izan duen jarrera dela eta. Hain zuzen ere, «blokeo» hori salatzeko manifestazioa egin dute gaur beharginek, ELA sindikatuak antolatuta.
ELAren arabera, «ehunka» langile bildu dituzte gaur Gasteizko kalean egindako manifestazioan. SEA patronalak sindikatuen proposamenei «erantzunik» eman ez izana deitoratu dute, eta kexu agertu dira aspalditik negoziatzen ari diren hitzarmenean aurrerapausorik ez delako.
Ekainaren 24an egingo dute sindikatuek eta patronalak negoziazio mahaiaren hurrengo bilera. Aurrerapenik ezean, mobilizazio gehiago antolatzeko asmoa iragarri du ELAk.