Oporrak Bakean programak Arabako berrogei familiaren elkartasuna lortu nahi du datorren udan adingabe sahararrak etxean hartzeko

Afanis familien elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak antolatu dute aurten ere egonaldia, '50 urtez gure ateak zabalik, haien esperantza bizirik' lelopean. Ohi baino bi hilabete lehenago abiatu dute kanpaina.

Ume bat Oporrak Bakean programako boluntario bati besarkada ematen, aurtengo udan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ume bat Oporrak Bakean programako boluntario bati besarkada ematen, aurtengo udan. ARITZ LOIOLA / FOKU
unai etxenausia
2025eko abenduaren 17a
13:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aterpetxeetara ez ezik, saharar haurretako asko Euskal Herriko harrera familietara joango dira. Oporrak Bakean programak 2026ko udako kanpaina aurkeztu du gaur goizean Gasteizen. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Afanis elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak dei egin diete arabarrei, udan haur sahararrak etxean har ditzaten. Guztira, lurraldeko berrogei familiaren elkartasuna bilatu nahi dute, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetatik datozen adingabeak bi hilabetez familietan egon ahal izan daitezen.

Afanis familien elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak antolatu dute aurten ere egonaldia, 50 urtez gure ateak zabalik, haien esperantza bizirik lelopean. Ohi baino bi hilabete lehenago abiatu dute kanpaina, Espainiako Gobernuak prozedura berriak ezarri dituelako programaren barruan adingabe sahararren etorrera baimentzeko.

Oporrak Bakean programa 1990eko hamarkadan sortu zen, Saharako haurrei udako hilabeteetan basamortutik ateratzeko aukera emateko. Tindufeko kanpamentuetan 50-55 graduko tenperaturak izaten dira udan, eta egonaldi horiek arnasa hartzeko aukera ematen diete haurrei. Abuztuaren bukaerara arte egongo dira Euskal Herrian; tarte horretan, osasun probak egingo dizkiete, elikadura hobetuko dute, eta arreta medikoa jasoko dute.

Gaur goizeko aurkezpeneko irudia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Gaur goizeko aurkezpena. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Antolatzaileen arabera, egonaldi horiek «funtsezkoak» dira haurrak indarberrituta eta osasun hobearekin itzul daitezen kanpamentuetara. Gainera, aisialdiko, kiroleko eta heziketako jardueretan parte hartzen dute, eta bestelako uda bat bizitzeko aukera dute. Programak, ordea, dimentsio politiko eta sozial nabarmena du. Haur sahararrak hartzeak «agerian uzten du» Mendebaldeko Saharako gatazka.

Uztaila eta abuztua familietan igarota, haurren ongizate fisiko eta emozionala nabarmen hobetzen da. Hori jakinik, Jose Luis Perez Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapen Lankidetzarako zuzendariak herritarrei eskatu die «etxeko ateak irekitzeko eta Tindufeko kanpamentuetako haurren itxaropena bizirik mantentzeko».

Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak adierazi duenez, haurrak Araban dauden bitartean «bermatuak izango dituzte arreta medikoa, elikadura orekatua, aisialdia eta familien babesa». Horrez gain, gogorarazi du aurten 50 urte betetzen direla Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Izan ere, 1975etik erbestean bizi dira milaka saharar familia, eta saharar herria oraindik ere laguntza humanitarioaren menpe bizi da, irtenbide «justu» baten zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.