‘Oroiterri’ erakusketarekin hasiko dira bihar Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurreneko ekitaldiak

Martxoak 3 elkarteak Gasteizko Udalarekin eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean antolaturiko ekitaldi sortako lehenengoa izango da. Izaskun Arrue kulturgunean zabalduko dute bihar.

Martxoaren 3ko biktimei omenaldia, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Martxoaren 3ko biktimei omenaldia, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2026ko urtarrilaren 7a
12:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi berri den 2026. urtean, 50 urte beteko dira 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazo ziren gertakarietatik. Egun hartan, Espainiako Polizia armatua indarrez sartu zen Gasteizko Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan, milaka langile bildu zituen biltzar sindikala desegiteko asmoz. Poliziaren oldarraldi horren ondorioz, bost langile hil ziren, eta beste 150 zauritu.

Sarraski haren 50. urteurrena oroitzeko, gertakarien memoria gorde eta zabaltzeaz arduratzen den Martxoak 3 elkarteak eta Gasteizko Udalak ekitaldi sorta zabala iragarri zuten azaroan. Horietako lehena, Oroiterri izeneko erakusketa, bihar zabalduko dute, 19:00etan, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta ikusgai egongo da hilaren 25era arte.

Martxoak 3 elkartearen arabera, «oroit eta herri» hitz jokoan oinarrituriko erakusketa horretan, «herrien memoriak kalean eta gizarte zibilaren eskutik bizirik nola irauten duten» erakutsiko da, beste herrialde batzuetako esperientziak Gasteizera ekarrita. Izan ere, martxoaren 3ko gertakarien inguruan, herri memoriak eta gizarte zibilaren lanak berebiziko garrantzia izan dute biktimen oroimena gordetzeko orduan, eta, beste herrialde batzuetako kasuak gurera ekarrita, herri memoriaren garrantzia azpimarratzea da erakusketaren helburua.

Erakusketa hil honetako ostiral, larunbat eta igandeetan bisitatu ahal izango da. Bisita gidatuak ere egingo dituzte larunbatero 12:00etan; horietarako, Izaskun Arrue kulturguneko orrialdean eman daiteke izena. Erakusketaren inguruan beste hainbat ekitaldi ere egingo dira —aipaturiko orrialdean kontsulta daitezke—, tartean, Paul Casal kantari aretxabaletarrak hilaren 15ean emango duen kontzertua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.