Osakidetzako filtrazioak epaitzekoak ziren hiru epaileek uko egin diote auzian parte hartzeari

Arabako Probintzia Auzitegiko hiru epaileak abstenitu egin dira, hots, auzian parte hartzeari uko egin diote, haien inpartzialtasuna zalantzan jarriko luketen arrazoiak daudela eta. Hiruren abstentzioa onartu du auzitegiak.

Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 26a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzako filtrazioen inguruko auziaren epaiketa berriro ere atzeratu da, etorkizun zehaztugabean galtzeraino. Arabako Probintzia Auzitegiak apirilean iragarri zuen kausa horretan geratzen diren bi akusatuak epaiketa aurreko saiora bidaliko zituela. Handik egun gutxira, ordea, auzitegiak berak jakinarazi zuen saio hori bertan behera utziko zuela, «auzitegiaren osaketan aldaketaren bat egoteko aukera» dela eta. Aldaketa hori gaur jakinarazi dute, eta erabatekoa izan da, auzia epaitu behar zuten hiru epaileak abstenitu egin baitira, eta auzitegiak haien abstentzioa onartu baitu.

Zuzenbideko hizkera teknikoan, haien inpartzialtasuna zalantzan jarriko lukeen arrazoiren bat ikusten dutenean abstenitzen dira epaileak, hots, auzian parte hartzeari uko egiten diote. Oraingoan, Jesus Alfonso Poncela Garciak, Elena Cabero Monterok eta Ana Jesus Zulueta Alvarezek abstenitzea erabaki dute, «aurreko auzialdi batean auzia edo kausa ebazteagatik». Izan ere, Zulueta Alvarez epaileak auziaren instrukzioan parte hartu zuen, eta Poncela Garciak eta Cabero Monterok bi akusatuen aurkako karguak bertan behera uztearen aurkako ebazpena eman zuten.

Egitate horiek epaileen «neutraltasuna» arriskuan jartzen duela iritzita, auzitik at geratu dira hirurak. Bi akusatuen aurkako epaiketak, beraz, are gehiago itxaron beharko du, epaile berriak aukeratu eta epaiketa aurreko saiorako beste egun bat ezarri beharko baitu auzitegiak. Bi urteko eta urtebeteko zigorrak eskatzen dizkie fiskaltzak; akusazio partikular gisa aurkeztu dira LAB eta ESK sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA