Epaitegietan bide luzea eta korapilatsua egin ondoren, bazirudien azkenik datorren astelehenean eseriko zirela epailearen aurrean Osakidetzako 2018ko oposizioetan ustez filtrazioak egiteagatik akusaturiko bi pertsonak. Ustekabeak eta azken orduko gidoi aldaketak, ordea, ohiko gertaera bilakatu dira auzi horretan, eta halako bira bat izan du gaur prozesuak, bertan behera geratu baita aste honetan bertan apirilaren 20rako iragarria zuten epaiketa aurreko saioa. Izan ere, astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegiak epaiketa aurreko saiora deitu zituen bi pertsona horiek, baina gaur jakinarazi du auzitegi horrexek berak saio hori bertan behera utziko duela. «Auzitegiaren osaketan aldaketaren bat egoteko aukera» da epaitegiak horretarako eman duen arrazoi bakarra, ustekabeko aldaketa horren zergatia argitu gabe.
Ikusi gehiago
Erabaki horren ondorioz, berriz ere atzeratu da 2018ko Osakidetzako oposizioetan azterketak filtratzeagatik auzipetutakoen aurkako epaiketa, eta ez dute zehaztu noiz egingo duten. Hasieran, hemeretzi pertsona zeuden ustezko irregulartasun horiengatik ikertuta, baina 2024an Arabako Probintzia Auzitegiak horietako hamazazpiren aurkako eginbideak itxi zituen. Bi pertsona soilik geratu ziren akusaziopean. Batentzat, garai hartan Donostia ospitaleko medikua zenarentzat, bi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskaltzak, beste akusatuari, oposiziogile bati, azterketako galderak filtratzea egotzita. Medikuaren semearen bikotekidea zen garai hartan akusaturiko oposiziogilea, eta urtebeteko kartzela zigorra eskatzen du haren aurka. Eta, bientzat, bost urteko inhabilitazioa. Akusazioa bultzatzen duten sindikatuek —LAB eta ESK-k—, berriz, zigor handiagoak eskatzen dituzte, baina, horiek lortzeko bidean, epaiketara iritsi behar du auziak, eta ez dirudi, oraingoz, epaiketa hori laster egingo dutenik.