Osakidetzako filtrazioen auziko azken bi akusatuak, epaiketa aurreko saiora

Akusaturiko hamazazpi pertsonaren aurkako salaketak artxibatu zituen epaileak. Bi urteko eta urtebeteko zigorrak eskatzen ditu orain fiskaltzak geratzen diren bi akusatuen aurka; apirilaren 20rako daude epaiketa aurreko saiora deituta.

2018ko Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2018ko Osakidetzako oposizioak, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 13a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zalaparta handia eragin zuen Osakidetzaren 2016-2017ko oposizioetako ustezko filtrazioen auziak. 2018an egin ziren deialdi horietako lan eskaintza publikoaren (LEP) probak. 72.500 parte hartzaile izan ziren, eta sindikatuek eta hainbat oposiziogilek filtrazioak eta bestelako irregulartasunak salatu zituzten. Salaketa horiek Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa ekarri zuten. Aferak, ordea, ez du pareko zaratarik eragin epaitegietan: 2024an, Arabako Probintzia Auzitegiak akusaturiko hemeretzi pertsonetako hamazazpiren aurkako salaketak artxibatu zituen. Bi pertsonaren aurkako eginbideak geratu ziren orduan zabalik, eta gaur jakin da bi akusatu horiek —mediku bat eta oposiziogile bat— epailearen aurretik pasatuko direla, apirilaren 20rako epaiketa aurreko saiora deitu baititu aipaturiko auzitegiak.

Alta, ez dago argi saio horren ondoren epaiketarik egongo den ere: EFE agentziaren arabera, fiskaltzak «gertagarri» ikusten du akusatuekin adostasun akordio bat lortzea, eta, hori jazoz gero, aurrez aurreko epaiketa saihestuko lukete, erruduntasuna onartzearen truke. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatzen du akusaturiko medikuaren kontra, sekretuak agerraraztearen delitua leporatuta, eta urtebetekoa, berriz, oposiziogilearen aurka, delitu horixe bera egiteko saiakeragatik.

2018ko oposizioak egin zirenean, Donostia ospitaleko zerbitzuburua zen medikua, eta medikuaren semearen bikotekidea zen auzipeturiko oposiziogilea. Medikuak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren enkargua jaso zuen kirurgia plastikoko espezialitateko azterketarako galderak egiteko, eta, fiskaltzaren arabera, azterketaren eguna iritsi baino lehen filtratu zizkion galdera horiek semearen bikotekideari. Ustezko filtrazio horri esker, akusaturiko oposiziogileak 50 galderetako 48 zuzen erantzun zituen proban, eta gainerako parte hartzaileen oso gainetik geratu zen. Azterketak epaimahaiko lehendakariaren susmoa piztu zuen, eta hark eman zuen irregulartasunen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA