Sahararen autodeterminazioa babestu dute Arabako Batzar Nagusiak

EAJk eta EH Bilduk aurkezturiko mozioa onartu du Lehendakaritza Batzordeak. Marokori, «potentzia okupatzaile» den heinean, Sahararen independentziaren aurka jarritako «oztopo guztiak» kentzeko eta lurraldetik irteteko eskatu dute mozioan.

Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzentrazio bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzentrazio bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 4a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende erdi bete da aurten Espainiak Mendebaldeko Saharako kolonia abandonatu eta Marokoren okupazioari bide eman zionetik. Urte horietan guztietan, lurralde horretako biztanleek, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sostengatzen duen Fronte Polisarioak gidaturik, haien lurraldearen independentzia eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dituzte, Nazio Batuen eta nazioarteko bestelako erakundeen babesarekin. Borroka horretan, Arabako Batzar Nagusien sostengua jaso dute gaur, EAJk eta EH Bilduk «Sahararen autodeterminazio eskubidea» eskatzeko aurkezturiko mozioa onartu baitu erakunde horretako Lehendakaritza Batzordeak.

Mozioak, sahararren burujabetasuna eta autodeterminazio eskubidea defendatzeaz gain, zera eskatzen dio Marokori: «Sahararen independentziari, subiranotasunari eta lurralde osotasunari jartzen dizkion oztopo guztiak» kentzeko eta gizarte zibileko aktibisten aurkako «jazarpen eta zigorrak» eteteko. Izan ere, mozioaren arabera, Mendebaldeko Saharan «potentzia okupatzailea» da Maroko. Hala dio NBEk ere, lurralde ez-burujabeen zerrendan baitu Mendebaldeko Sahara, eta Espainia da oraindik, nazioarteko legediari dagokionez, potentzia administratzailea. 

Historikoki, Espainiako gobernuek NBEren tesia defendatu dute. Aitzitik, azken urteetan Pedro Sanchezen gobernuak, Afrika iparraldeko herrialdearekin harremanak hobetzeko, jarrera aldatu eta Marokoren alde egin du. Mendebaldeko Saharak Marokoren barruan lurralde autonomoa izan beharko lukeela esaten du egun Espainiako Gobernuak, orain arte defendaturiko erabakitze eskubidea alde batera utzita. Hori dela eta, PSE-EE izan da mozioaren aurka bozkatu duen alderdi bakarra, batzordean ordezkaritza duten gainerako alderdiak (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Ahal dugu eta PP) alde agertu baitira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA