Saharari elkartasuna adierazteko kirol ekitaldi solidarioa antolatu dute Gasteizen

Arabako Boxeo Federazioarekin lankidetzan ospatuko dute ekitaldia, igandean Mendizorrotzako kiroldegian. Boxeo, muay thai eta kickboxing diziplinetan lehiatuko dira Saharako Kirol Federazioaren eta Euskal Selekzioaren kontaktu kiroletako taldeak.

Saharako Kirol Federazioak Gasteizen ospatuko den II. kirol ekitaldi solidarioarean aurkezpenaren prentsaurrekoa. SAHARAKO KIROL FEDERAZIOA
Saharako Kirol Federazioak Gasteizen ospatuko den II. kirol ekitaldi solidarioarean aurkezpenaren prentsaurrekoa. SAHARAKO KIROL FEDERAZIOA
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 18a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saharako Kirol Federazioak eta Arabako Boxeo Federazioak elkarlanean antolatutako kirol eta elkartasun jaialdia hartuko du Gasteizko Mendizorrotza kiroldegiak datorren larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. Ekitaldian, Saharako Kirol Federazioaren eta Euskal Selekzioaren kontaktu kirolen taldeek indarrak neurtuko dituzte boxeo, muay thai eta kickboxing diziplinetan. Kirol lehiaketaz harago, Mendebaldeko Saharako herriaren eta euskal herritarren arteko «zubiak eraiki, elkartasuna adierazi eta senidetasuna sendotzeko» helburua dauka hitzorduak.

2023ko lehen ekitaldia «historikotzat» jo ondoren, aurtengo jaialdia proiektua finkatzeko aurrerapauso bat dela nabarmendu du Saharako Kirol Federazioak. Ekimenaren bitartez kirolari saharrarak sostengatu nahi dituzte, kirolaren bitartez herrialdeko egoerari ikusgarritasuna emateko. Lehiaketatik harago, herrien arteko topaketa bat izango dela adierazi du federazioak. 

«Herritar guztiak gonbidatzen ditugu jardunaldi honetan lagun gaitzaten. Errespetua, ahalegina eta elkarbizitza izango dira benetako protagonistak», nabarmendu du Saharako Kirol Federazioak. Bigarren ekitaldia aurrera eramateko parte hartu duten erakunde zein pertsona guztien lana goraipatu dute. Horretaz gain, euskal gizartearen harrera eta elkartasuna nabarmendu dituzte. Sahararrentzako egoera zailean egingo da larunbateko ekitaldia: Nazio Batuek Minurso misioa amaitzea erabaki ondoren, mobilizazio orokorra iragarri zuen azaro hasieran Fronte Polisarioak, Maroko lurralde askatuen aurkako ofentsiba prestatzen ari delako beldurrez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA