Mendebaldeko Sahararako AEBen proposamena geldiarazi du Moskuk

Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Misioari ‘erreferenduma’ hitza kentzea proposatu du Washingtonek, NBEren Segurtasun Kontseiluan. Fronte Polisarioak ohartarazi du negoziazioak utziko dituela «aldaketa nabarmenak» eginez gero.

Saharako Errepublikaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat apirilean, Tindufeko kanpalekuetan. MOHAMED MESSARA / EFE
Saharako Errepublikaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat apirilean, Tindufeko kanpalekuetan. MOHAMED MESSARA / EFE
Aitor Garmendia
2026ko urriaren 30a
21:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek guztiz alboratu nahi izan dute Mendebaldeko Saharan autodeterminazio erreferendum bat egiteko proiektua. Errusiak, ordea, betoa jarri dio Washingtonek NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako zirriborroari. Bihar da amaitzekoa Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren agintaldia, eta, oraingoz, airean da, AEBek ere betoa erabili baitute Errusiak aurkeztutako zirriborroa geldiarazteko.

Washingtonek idatzi izan du Minursoren bilakaerari buruzko ebazpena. Oraingoan, Minursori erreferendum hitzaren r-a kendu nahi izan diote AEBek, eta aurrerantzean misioari Minuso deitzea proposatu. Hainbat hedabidek zabaldutako zirriborroaren arabera, Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren ordez, Nazio Batuen Mendebaldeko Sahararako Misioa izena jarri nahi zioten.

Iaz jada Rabaten aldeko urrats handia egin zuen NBEk. Eta orduko ebazpenak bezala, AEBek proposatutakoak ere esaten zuen irtenbiderako negoziazioetan Marokoren autonomia proposamena hartu behar dela «oinarri bakar» gisa. Errusiak iazko ebazpena beste urtebetez luzatzea proposatu du, aldaketarik egin gabe. Sidi Mohamed Omarrek, Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak, ohartarazia du Fronte Polisarioak «bake prozesua» utziko duela NBEk «aldaketa nabarmenak» eginez gero.

Iaz onartutako ebazpenak jasotzen du Sahararrek autodeterminaziorako eskubidea dutela. Baina Nazio Batuen misioaren bidea aldarazi nahi izan du Washingtonek, eta proposatu dute negoziazioak eta prozesu politikoa bultzatzea hartzea helburutzat, erreferenduma albo batera utzita.

1991n sartu zen indarrean Minurso, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazka konponbidean jartzeko asmoz. Ordutik, urtero-urtero testu bat kontsentsuz onartuta berritu dute haren agintaldia. Oraingoan, ordea, Minursori epemuga jartzen saiatu dira AEBak. Azken egunetan zabaldutako lehen zirriborroarekin, Etxe Zuriak nahi zuen Minursok «bakeari eusteko misioa» izateari uztea sei hilabeteren buruan, eta datorren urteko maiatza eta azaroa bitartean «misio politiko berezi» gisa izendatzea. Halere, bigarren zirriborroa, azkenean aurkeztu dutena, zertxobait leunagoa izan da, eta epemuga horiek ezabatu dituzte. Halere, Errusiak kontra bozkatu du.

Segurtasun Kontseiluko hamabost kideetatik bederatzik bozkatu behar zuten alde proposamenak aurrera egin ahal izateko. Baina kontuan hartu behar da bost kide iraunkorrek —AEBek, Errusiak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Txinak— beto eskubidea dutela. 11 estatuk alde bozkatu dute, eta Txina, Somalia eta Pakistan abstenitu egin dira. Halere, Errusiaren kontrako botoa zela medio, AEBen proposamenak ez du aurrera egin.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Minursoren agintaldia urtebetez luzatzeko deia egin dio Segurtasun Kontseiluari; gainontzean gatazka gaiztotzeko arriskua dagoela argudiatuta. Izan ere, Maroko eta Fronte Polisarioa gerran daude. Rabatek okupatuta dauka Mendebaldeko Sahararen %80 inguru —kostaldea eta baliabide natural gehienak eremu horretan daude—; osterantzean, Fronte Polisarioak «askatutako eremua» desertua da. Marokok eraikitako harresiak bereizten ditu bi eremuak.

2020ko azaroan, Marokok su etena hautsi zuen —1991tik zegoen indarrean—. Ordutik, gehienbat harresiaren ingurura mugatu izan dira Fronte Polisarioaren operazio militarrak. Marokoren droneek asko zaildu dute soldadu sahararren jarduna; Fronte Polisarioak 2024an jakinarazi zuenez, kalkulatu zuten 2020tik 120 saharar inguru hil zituela Marokok. Aurtengo ekainean, esaterako, Lehbib Abdelaziz komandantea eta beste bi kide hil zituen.

1992tik zain

Aurten bete dira 50 urte SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik; Marokok Martxa Berdearekin Mendebaldeko Sahara —Espainiaren kolonia zen— okupatu eta hurrengo urtean izan zen hori. Ordurako, Maroko eta Fronte Polisarioa gerran zeuden. 1991n adostu zuten su etena, eta hurrengo urtean zen erreferenduma egitekoa. Erreferendumik ez da egin, baina. 

Segurtasun Kontseiluak erabakia hartu aurreko egunetan, errefuxiatu sahararrak protesta egitera atera dira Tindufeko kanpalekuetan —200.000 saharar inguru bizi dira Aljeria hego-mendebaldeko desertuan dauden kanpaleku horietan—. Gaur bertan, Auserd wilaya-n manifestazio bat egin dute, eta aurreko egunetan kanpalekuetako beste gune batzuetan ere protestan aritu direla kaleratu du Fronte Polisarioaren albiste agentziak. Ohartarazi dute ez dutela onartutako sahararren autodeterminaziorako eskubide urratzen duen ezein irtenbide. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA