Bertsolaritza

Sei lagun Arabako txapelaren bila

Otsailean Oionen hasitako Arabako Bertsolari Txapelketa larunbatean iritsiko da azken helmugara; Gasteizko Europa jauregian jokatuko da finala. Martxoak 3 elkarteko kide batek jantziko dio txapela irabazleari.

Finalistak, irabazleari txapela jantziko dion Martxoak 3 elkarteko Santiago Diaz de Espadarekin (ezkerrean), finalaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Finalistak, irabazleari txapela jantziko dion Martxoak 3 elkarteko Santiago Diaz de Espadarekin (ezkerrean), finalaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 25a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Goazen lagunok, amets betean, txapelaren bila batera!». Dragoi Bola animearen sarrera abestiaren bertsio horrek laburbil dezake Arabako Bertsolari Txapelketako sei finalistek eman duten irudia; guztiek azpimarratu baitute elkarren adiskideak direla, eta, hortaz, lagunarteko giro onean jokatuko dutela finala. Bat etorri dira horretan Aroa Arrizubieta Barredo, Iñaki Viñaspre Simon, Maddi Agirre Epelde, Martin Abarrategi Sarrionandia, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delia. Bertsolari horiek osatzen dute finalean arituko den seikotea, eta gaur aurkeztu du Arabako Bertsozale Elkarteak final horixe bera. Larunbatean izango da, Gasteizko Europa jauregian, 17:30ean hasita. 

Otsailaren 7an hasi zen lehia, Oionen, eta Laudioko eta Izarrako saioak etorri ziren gero. Txapelketa hasi zuten hemezortzi bertsolarietatik hamabi igaro ziren finalerdietara, zeinak martxoko lehen bi asteetan izan ziren, Dulantzin eta Aramaion. Horietako lehenengoan, Maddi Agirre nagusitu zen, eta horrekin lortu zuen finalerako zuzeneko sarrera. Beste horrenbeste egin zuen Peru Abarrategik bere jaioterrian, Aramaion. Eta lehen faseko eta finalerdietako puntuazioak bilduta osatu zen finalerako seikotea: aurrez aipatutakoak, eta Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi.

Hain zuzen ere, seigarren postuan azken orduko sorpresak izan ziren, batuketak bi bertsolariren arteko berdinketa ekarri baitzuen. Izan ere, 599 punturekin berdinduta geratu ziren Danel Herrarte eta Martin Abarrategi aramaioarrak, baina, berdinketa gainditzeko irizpideak aplikatuta, abarrategitarretan gazteenak lortu zuen finalerako helmuga igarotzea, ozta-ozta bada ere.

Martxoak 3 elkartea txapel emaile

Antolatzaileekin eta finaleko seikotearekin batera, aurkezpenean izan da Martxoak 3 elkarteko Santiago Diaz de Espada ere. Hain zuzen, Bertsozale Elkartearen historian «bidelagun» izandako Martxoaren 3ko biktimak omendu nahi izan dituzte finaletan, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean. «Pozik» agertu dira bertsolariak erabakiarekin; Viñasprek «ohorea» dela iritzi dio, eta Martin Abarrategik, berriz, txapeldunak izango duen «erantzukizuna» azpimarratu du, borroka hori omendu beharko duen bertsoa ere ondu beharko baitu azken agurrean. Hain zuzen ere, Arrizubietak ontzat jo du Martxoaren 3ko gertakarien inguruko «memoria iraultzailea berpizteko» aukera izatea. Diaz de Espada ere bat etorri da, eta esan du txapeldunari txapela janztea «ohorea» izango dela. Era berean, eskerrak eman dizkie «bertsolari eta bertsozale guztiei», orain emandako aukeragatik eta urteetan emandako laguntzagatik. 

Txapela jantzi baino lehen, ordea, arratsalde malkartsua izango dute aurretik bertsolariek. Izan ere, hemeretzi bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, orotara, buruz burukora igaroko diren bi bertsolariek. Hasteko, seiak oholtzan direla, zortziko nagusian eta txikian hiruna bertso kantatuko dituzte binaka. Ondoren, bakarka, puntua emanda bina bertso abestuko dituzte. Eta binakakora itzuliko dira segidan, seiko motzean. Neurri horretan ere hiruna bertso abestuko dituzte, eta bakarka amaituko dituzte lanak, neurri eta doinu librean bi bertso kantatuta. Hamahiru bertso puntuagarri horien ostean gailentzen diren bi bertsolariek seina bertso gehiago abestu beharko dituzte: hiruna Iparragirre abila dela doinuan, binaka; eta, beste hiruna bakarka, ganbarako lanean. 

 

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001)

«Txapela lortu nahi ez duela dioenak gezurra dio, baina ondo pasatzera eta onena ematera noa ni»

Aroa Arrizubieta Barredo. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aroa Arrizubieta Barredo. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ez du lehenengo aldia finalean Arrizubietak, eta, hala ere, aitortu du ez dela sekula ohitu txapelketaren gurpilera. «Beti iruditzen zait berandu iristen garela txapelketara, nahikoa prestatu gabe». Aurreko edizioko txapelduna izanda, espektatiben pisuak horretan eragina ere baduela iradoki du: «Beti izan naiz gazteena, emakumea, eta horrek maila emateko nolabaiteko presioa sortzen du». Aurten ez da oholtzako gazteena izango, Maddi Agirre eta Martin Abarrategi ere bertan izango baitira, baina txapela defendatu beharra gehitu zaio aurten txapelketaren ohiko exijentziari. «Errusiar mendi bat da txapelketa, orain gora eta orain behera. Nik finalerdietan egin nuen behera; orain espero dut gorakoa etortzea». Izan ere, Dulantzin laugarren eginagatik, aisa pasatu da finalera gasteiztarra, eta, pisuak pisu eta txapelak txapel, ondo pasatzeko eta onena emateko asmoz doala dio. «Txapela lortu nahi ez duela dioenak gezurra dio, baina ondo pasatzera eta onena ematera noa ni».

Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku, 1984)

«Aurreko faseetan ez gara gustura geratu, eta finalean osatu nahiko genuke egiteke utzi duguna»

Iñaki Viñaspre Simon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iñaki Viñaspre Simon. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Seikoteko beteranoa da Viñaspre, 2004tik ez baitu final bat ere huts egin. Plural maiestatikoan mintzo da Abetxukukoa, baina bere buruaz ari da. Izan ere, Dulantziko finalaurrekoko agurrean jada iradoki zuen ez zela pozik geratu ariketa batzuetan emandako mailarekin, eta antzeko sentimendua plazaratu du: «Aurreko faseetan ez gara gustura geratu, eta finalean osatu nahiko genuke egiteke utzi duguna». Hala ere, aurrera egin zuen, saio hartan bigarren eginda, eta hori «ez da seinale txarra», txapelketa «berezia eta osoa» izan baita, Viñaspreren ustetan. «Gazte asko datoz lekua egin nahian, eta maila oso ona eman dute, beraz, pozik gaude finalera igarota». Finalean gazte horietako asko egon litezkeela iritzi badio ere, «lan oso txukuna» eginda igaro dela onartu du 2019ko txapeldunak, eta ez du ezkutatu txapela gogoan duenik: «Ea zortea dugun, eta guk merezi dugun». 

Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005)

«Asko gozatu nahi dut, disfrutatu, eta, zerbait gehiago badator, ez diot ezetzik esango»

Maddi Agirre Epelde. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Agirre Epelde. ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sentsazio onak» izan ditu txapelketa osoan Agirrek, eta emaitzek arrazoia eman diote: oholtza gainean gazteenetarikoa izanik ere, bi saio irabazita heldu da finalera, Izarran eta Dulantzin egindako saioetan nagusitu baitzen. Bazuen horretarako gogoa, aitortu duenez, aurreko txapelketan finalerdietatik ez pasatu izanaren «arantzatxoa» baitzuen, eta «oholtzara igo eta saio politak egiteko gogo handiz» iritsi baitzen aurtengo ediziora. Alde horretatik, «helburuak sobera beteta» iritsi da finalera, eta «ikaragarri pozik eta ilusio handiz» dago finalean egoteko aukera duelako. Presiorik ez ei du sentitzen hain urrun iritsita, eta «lasaitasunari eutsi eta saio ona egitearekin» konformatuko da, baina txapelak urrunetik dei egiten diola ere ez du ezkutatu: «Asko gozatu nahi dut, disfrutatu, eta, zerbait gehiago badator, ez diot ezetzik esango».

Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio, 2001)

«Finalerdiak arantzatxo bat utzi dit barruan; Daneli zor diot saio ona egitea»

Martin Abarrategi Sarrionandia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Martin Abarrategi Sarrionandia. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Arestian aipaturiko berdinketaz ari da Abarrategi: Danel Herrarte herrikide eta lagunak beste puntu lortuta igaro zen finalera. Sentipen gazi-gozoa du lagunaren ordez sailkatu delako, baina, aldi berean, finalean merezita dagoela erakusteko beharra ere badu; alegia, erakusteko ez dela zorte kolpe hutsez sartu. Hala ere, aramaioarra pozik agertu da orain arteko txapelketarekin, oroitu baitu «bi anaiekin, herrikideekin, lagunekin kantatzen bi saio oso berezi» egin dituela. Agirrek bezala, berak ere hasierako helburuak «sobera beteta» ditu, baina onartu du «beste helburu batzuk» jartzeko ordua dela: «Finalerdiak arantzatxo bat utzi dit barruan; Daneli eta bertaratuko diren guztiei zor diet saio ona egitea».

Peru Abarrategi Sarrionandia (Aramaio, 1997)

«Finaletan bereziki motibatuta egon ohi naiz, eta gustatuko litzaidake oraingoan ere horrela izatea»

Peru Abarrategi Sarrionandia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Abarrategi Sarrionandia. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sei finalisten artetik, Abarrategi anaietan nagusiena izan da lehena txapelketaren presioak eta espektatibek sor ditzaketen ezinegonak azaleratzen. «Ez dut guztiz ondo pasatzen finalerako bidean, estuasun dezente izaten dut». Ezta gutxiagorako, 2024ko txapeldunak sentitzen baitu maila eman beharraren presioa. Berak ere nabarmendu du gazteen mailak nabarmen egin duela gora eta finaletik kanpo geratzeko aukera zutela guztiek. Hala ere, behin finalean postua erdietsita, txapelketako azken saioak askoz gehiago gozatu izan dituela ere onartu du aramaioarrak: «Finaletan bereziki motibatuta egon ohi naiz, eta gustatuko litzaidake oraingoan ere horrela izatea».

Unai Anda Delika (Ametzaga Zuia, 1999)

«Garai batean ez nuen ikusten neure burua finalerdietan, are gutxiago finalean»

Unai Anda Delika. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Unai Anda Delika. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Finalean lehen aldia badu ere, ez da Anda txapelketan lehiatzen den lehen abagunea, eta, aurrekoetan apalago aritu bada ere, «lan oso ona» egin izanaren irudipenarekin iritsi da finalera aurten. «Garai batean ez nuen ikusten neure burua finalerdietan, are gutxiago finalean», aitortu du, eta horrek presioa kentzen diola esan: «Gauza bakarra eskatuko diot neure buruari: beste saio guztietan bezala, nahi dudan hori esateko gai izatea da». Onartu du ez duela sentitzen txapeldunek izan ohi duten presio hori, baina, hala ere, ongi egiteko presioa «beti hor» dagoela esan du, eta larunbatean maila ona emateko esperantza agertu du, gainerako bertsokideek bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA