Urrian eman zioten baiezkoa Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko proiektuaren informazio txostenari. Hiru zatitan banatu dute proiektua, eta gaur bertan lizitatu dituzte lehen zatiko obrak. Guztira 9,2 milioi euroko aurrekontua dute, eta hamahiru hilabetean egiteko epea.
Zabalgana auzoko Nazio Batuen etorbidean egingo dituzte obrak, eta kilometro bateko luzera izango dute. Tarte horretan bi geraleku egingo ditu tranbiak: bata auzoko ikastetxe publikoaren alboan, eta bestea hiribidearen 47. zenbakiaren parean. Egun bi errepide daude etorbidean, bi noranzkotan, eta bi bide daude noranzko bakoitzean. Errepideek tartean duten eremuan eraikiko dute garraiobidea, eta horrek errepideak berrantolatzea eragingo du. Aurrerantzean bide bakarra egongo da noranzko bakoitzean.
Eremuan ere egokitzapenak egingo dituzte: tranbia plataformaren gaina landarez estaliko dute, galtzadak, espaloiak eta aparkalekuak birbanatuko dituzte, drainatze jasangarria duen egiturazko lurzorua instalatu, eta bereizitako bidegorriak ezarri. Aldaketa horien bidez, «hiriko korridore berdea sendotzea» dute helburu, eta, horretarako, «bideak birnaturalizatzen laguntzea, eta tranbiak zeharkatzen dituen eremuen ingurumen kalitatea hobetzea» nahi dute.