Vitoria Solar 1 eta 2 planta fotovoltaikoen plan bereziak onartu ditu Arabako Foru Aldundiak

Solaria enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako Indaberri SM da planten bultzatzailea. Panelek 120 hektarea hartuko dituzte, Gasteiz, Burgu eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietan. Beste bi parke eoliko egiteko proiektuak ere iragarri dituzte.

Eguzki plakak, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Eguzki plakak, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 9a
15:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealitate izateko gero eta gertuago daude Vitoria Solar 1 eta 2 planta fotovoltaikoak. 2024tik ari dira tramitatzen, eta, lurraldean eraikitzen ari diren beste hainbeste plantekin gertatzen den bezala, proiektu horien atzean ere Solaria enpresa dago. Izan ere, proiektu horiek Indarberri SM enpresak bultzatuak badira ere, enpresa horren %70en jabetza Solariak dauka. Gainerako %30a, berriz, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) esku dago. Eusko Jaurlaritzak joan den urtean eman zien eraikitzeko baimena, eta enpresak aurkeztutako plan bereziak onartu ditu Arabako Foru Aldundiak gaur, ikusita proiektuen plan horiek bateragarriak direla udalerrietako hirigintza planekin. 45 eguneko epea zabaldu dute orain, nahi duenak alegazioak eta txostenak aurkez ditzan.

Vitoria Solar 1 planta fotovoltaikoak 57 hektarea izango ditu: zatirik handiena —50 hektarea—, Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrian, eta gainerakoa, Gasteiz iparraldeko landa eremuan. Proiektu horretan, enpresa bultzatzaileak hasierako asmoak apaldu behar izan ditu ingurumen eraginaren txostenaren ondorioz: hasierako egitasmoak 49,9 megawatteko potentzia zuen, eta 30,95 megawattera jaitsi behar izan dute.

Vitoria Solar 2 proiektuak, berriz, 66 hektarea hartuko ditu. Gasteizko Lubinao eta Uribarri Arratzua herrietan egongo da zatirik handiena, baina alboko Burgu udalerriaren lurren zati bat ere hartuko du. Oraingoan, enpresak eutsi ahal izan dio aurreikusitako 49,9 megawatteko potentziari. 

Beste bi parke eoliko

Ez dira horiek aste hasierak energia berriztagarrien alorrean utzitako berri bakarrak, Jaurlaritzak jakinarazi baitu Alerion Spain SM izeneko enpresak beste bi parke eoliko eraikitzeko baimena eskatu duela. Aurreko astean Zaballa eta Zaldiaran izeneko parke eolikoak eraikitzeko baimena eskatu zuen enpresa berberak, eta gaur jakin da horiek ez direla multinazional italiarrak —Italiako Alerion enpresaren filiala baita Alerion Spain— Arabarako dituen asmo bakarrak. Oraingoan, Iruraiz-Gauna, Arraia-Maeztu eta Donemiliagako lurretan Urkate eta Uraburu izeneko parke eolikoen klusterra eraikitzeko aurretiazko baimena eskatu du enpresak. Bi aerosorgailu izango ditu parke eoliko horrek, eta 99 megawatteko potentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.