Zabalganerako tranbia egiteko lanak uda honetan hasiko dira Gasteizen

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak iragarri du. Sailburuaren arabera, Gasteizko tranbiaren erabiltzaileak %2,7 ugaritu dira aurten, eta Arabako Lautadako aldiriko trenak iaz baino 65.000 erabiltzaile gehiago izan ditu.

Gasteizko tranbia, Salburua aldean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteizko tranbia, Salburua aldean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 26a
13:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Zabalgana auzoko hiritarren aspaldiko arrangura da: hiriko auzorik populatuena izanagatik, garraio publikoaren bidez gaizki konektaturik dago Zabalgana. Bertatik igarotzen diren bi autobus lineak ez dira nahikoa. Azken urtean, badirudi arazoa pixkanaka konpontzen ari direla: Gasteizko Udalak iragarri zuen 12. autobus lineak Lakuarekin konektatuko duela Zabalgana, eta Arabako Foru Aldundia aldiriko trenaren geltoki bat egitea aztertzen ari da. Nolanahi ere, hiriburuko tranbia zerbitzua Zabalganeraino luzatzea izan da auzotarren aspaldiko aldarrikapenetako bat. 

Azpiegitura horrek badu hasiera data, gutxi gorabeherakoa bada ere: Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak Radio Vitoria hedabideari emandako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Aldaiako tartearen lanak lizitaturik daude, eta «uda honen hasieran» dira hastekoak. Bigarren tartea, Mariturrikoa, lizitatzeke dago oraindik, baina espero dute ekainean egitea lizitazioa. Lanak hasi eta amaitu arte tarte luzea igarotzea espero bada ere, Zabalganeko bizilagunek hurbilago suma dezakete orain tranbiaren iritsiera. Tranbia Buesa Arena aldera luzatzeari buruz galdetuta, berriz, «legegintzaldian hori aztertzeko konpromisoa» dutela esan du Garcia Chuecak. 

Trenbideen gaineko garraio publikoak Arabako lurraldean izandako datu onak ere nabarmendu ditu Garcia Chuecak. Tranbiari dagokionez, lehen aldiz lau milioi bidaiari baino gehiago izan ditu zerbitzuak, urtarriletik apirilera %4 igo baita haien kopurua. Hazkunderik handiena, ordea, Arabako Lautadako aldiriko tren zerbitzuak izan du: 65.000 bidaiari gehiago hilabeteotan, aurreko urteko epe berarekin konparatuta. %36ko igoera da hori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA