Elkarrekin Ahal Dugu, «pozik» Arabako aurrekontu akordioaren garapenarekin: «%40 edo %50 bete dugu jada»

Orain arteko lorpenak zerrendatu eta datozen hilabeteetan iragarriko diren neurriak plazaratu ditu koalizioak; tartean, 20 urtetik beherako ikasleentzako garraioaren doakotasuna eta etxebizitzaren krisiaren aurkako neurriak.

Ezkerretik eskuinera, Laura Fernandez, David Rodriguez eta Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideak, gaurko gosari informatiboan. BERRIA
Ezkerretik eskuinera, Laura Fernandez, David Rodriguez eta Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideak, gaurko gosari informatiboan. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko maiatzaren 11
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Horrelako akordio bat betearaztea lan eskerga da gurea moduko talde politiko txiki batentzat, baina harro gaude egindako lanarekin». Adierazpen positibo horiekin baloratu du gaur David Rodriguez Elkarrekin Ahal Duguko bozeramaileak iazko abenduan bere koalizioak EAJ eta PSE-EEren foru gobernuarekin erdietsi zuen aurrekontu akordioaren martxa. Koalizioko batzarkideek akordioa betearazteko egiten duten lana goraipatu du: «Orain arte, 40 bilera inguru egin ditugu Itziar Gonzalo Ogasuneko foru diputatuarekin eta foru gobernuarekin, akordioa betearazteko». 

«Pozik» agertu da Rodriguez, koalizioko batzarkide Laura Fernandez eta Jose Damian Garcia-Morenorekin batera hedabideentzat egindako gosari informatiboan. Zehaztu du astean bi bilera egiten dituztela akordioaren puntu guztien betetzearen jarraipena egiteko, eta, horri esker, balioztatu du «akordioaren %40 edo %50 jada beteta» dagoela. Jada aplikatu diren neurrien artean, zahar etxeetako beharginen lan hitzarmena sinatu izana eta hura aplikatzeko 10,4 milioi euroren diru laguntzak onartu izana azpimarratu du. «Guztien aurka ari ginen honetan, baina aurrekontu akordioa hitzarmena sinatzearen mende jartzea oso egokia izan zen», ospatu du bozeramaileak. Bestelako lorpenei dagokienez, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa handitzea, nazioarteko lankidetzarako diru kopurua emendatu izana eta frankistei ohorezko tituluak kendu izana aipatu ditu Rodriguezek. 

Garraioan eta etxebizitzan neurriak

Aurki iragartzekoak diren neurriak ere aipatu dituzte batzarkideek. Garraio publikoaren esparrukoak dira aipagarrienetarikoak: «maiatzean zehar» onartuko dute foru garraio publikoaren doakotasuna 20 urtetik beherako ikasleentzat. Horretaz gain, aldundiaren menpeko garraio publikoa «asteburu eta gauetara zabaltzeko» asmoa iragarri dute. Rodriguezen ustez, «herrietan bizi direnentzat funtsezkoa da aisialdirako garraio publiko fidagarri bat izatea, eta, horregatik, zerbitzua emendatuko dugu». Zabalkunde horren onuradun diren lerroak zehaztuta ei dituzte jada, eta «laster» jakinaraziko dituzte.

Trenaren inguruan ere izan dituzte berritasunak: aldundiak jada kontratatuta dauka Gasteizen bertan aldirietako trenentzako geltoki gehiago egiteko azterlana. Salburuan, Zabalganan eta Jundizen geltoki berriak egiteko egitasmoaren bideragarritasuna ikertuko du azterlan horrek. EH Bilduk ere eskatu zuen geltoki horiek eraikitzea, Gasteizko Udalean, eta orain aldundiak egitasmo hori egingarria ote den ikertuko du. Aipaturiko neurri horietarako, 400.000 euroren aurrekontua hitzartu zuen Elkarrekin Ahal Dugu-k EAJrekin eta PSE-EErekin.

Etxebizitzaren alorrean ere, «krisiari aurre egiteko funtsezko neurriak» iragarri ditu Rodriguezek. Foru Bitartekaritzarako Belaunaldien Arteko lehen plana jada prest dela jakinarazi du: «Afixak jada prest ditugu, eta laster hasiko gara jendartean zabaltzen». Plan horrek helburu du zahar etxeetara bizitzera joaten diren adineko pertsonen etxebizitzak gazteei «prezio sozial batean» alokatzea du, eta Araba osoan martxan jartzea aurreikusten dute. Rodriguezek erran du «oso aurreratuta» dagoela alokairu babestura bideraturiko 50 etxebizitza eraikitzeko lursailak erosteko egitasmoa ere.

Osasun mentala, etxegabeak eta beste

Bestalde, jada bideraturik eta iragartzekotan diren neurrien artean, osasun mentalerako eta suizidioaren prebentziorako foru plana martxan jartzea da Rodriguezek azpimarratu duenetako bat. Ekaineko bigarren astean iragarriko dituzte horren inguruko xehetasunak, gai horri buruzko kongresu bat egingo baita, aldundiko teknikarien, arloko elkarte eta espezialisten eta familien parte hartzearekin. Foru plana idazteko lizitazioa argitaratu da jada, eta 150.000 euro aurreikusten dira horretarako. «Suizidioa gaur egungo gaitz handietako bat da, eta hari aurre egiteko plana, beharrezkoa», adierazi du Rodriguezek. 

Fernandezek, bere aldetik, iragarri du etxegabetasunaren aurkako foru baliabide berria martxan jartzear dela. «Etxegabeek gauez teilatupean lo egin dezaten, foru baliabide berri bat sortzea» aurreikusten zuen aurrekontu akordioak, baina, Fernandezen hitzetan, «zaila» izan da baliabide horretarako egoitza bat aurkitzea. Azkenik, ordea, kausitu dute horretarako eraikin aproposa, eta zerbitzua nola egituratuko den «zehaztea» espero dute laster. 2,7 milioi euroren aurrekontua izango du zerbitzu berri horrek. 

Bestelako neurri zerrenda luzea ere aletu du Garcia-Moreno batzarkideak: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta gizon-emakumeen arteko berdintasunerako baliabide gehiago; heriotza duina izateko eskubidea ziurtatzeko neurriak; tokiko energia komunitateetara batzeko eta nekazaritza ekologikorako diru laguntzak; edota desgaitasun fisikoak dituzten pertsonei laguntzeko eta irisgarritasun unibertsala lortzeko neurriak. 

Zailtasunak eta oztopoak

Arrakastak arrakasta, aurrekontu akordioa betetzeak «zailtasun» ugari ekarri dituela ere deitoratu dute Elkarrekin koalizioko batzarkideek. Esaterako, Rodriguez kexu agertu da lizitazio berriak sortzeak eta «aldundiko departamentuen langile faltak» neurrietako batzuk gorpuztea oztopatu duelako. Alta, foru gobernuaren eta koalizioaren artean ezadostasunak eragin dituzten gaien artean, Arabako esku hartze sozialaren sektoreko lan gatazka nabarmendu da gehien. Rodriguezek EAJren eta PSE-EEren «immobilismoa» eta «inplikazio eza» kritikatu ditu: «Bilera guztietara eraman dugu gaia, baina 'ezin dugu ezer egin' esaten digute». Urte hasieratik daramate esku hartze sozialeko langileek grebak eta mobilizazioak egiten, patronalaren «negoziatzeko borondate falta» dela eta. Sektore publikoko baldintzekin «ekiparazioa» da haien aldarri nagusia.

Patronalaren eta langileen arteko negoziazioetan inplikatzeko eskatu dio Rodriguezek Arabako Foru Aldundiari, orain arteko jarrera albo batera utzita. eta adierazi du gatazkak eta aldundiaren jarrerak bere horretan jarraituz gero, koalizioak horretarako «presio egingo» duela. Izan ere, akordioak akordio Elkarrekin Ahal Dugu-k «oposizio irmoa» egiten jarraituko duela azpimarratu dute taldeko batzarkideek, eta foru gobernuarekin dituzten ezadostasun ugari zerrendatu dituzte: Arabako lan gatazken kudeaketa, aldundiak Israelgo saskibaloi taldeek Buesa Arenan jokatzeari buruz duten jarrera... «Asko dago oraindik egiteko», laburbildu du egoera Rodriguezek, eta aurrekontu akordioa «oso-osorik» betearazteko lanean jarraituko dutela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA