2027 amaieran hasiko dira Bilboko metroaren laugarren linea eraikitzen

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua finantzatzeko akordioa sinatu dute, lehen fasean Matiko eta Errekalde lotuko dituen zatia eraikitzeko. Gerorako utzi dute Feveren trenbidetik metroa Enkarterrira luzatzeko proiektua.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Bilboko Errekalde auzoan. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Bilboko Errekalde auzoan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko abenduaren 5a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldu da azken asteetan hainbestetan iragarritakoa: kostata, baina Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko metroaren 4. linea elkarrekin finantzatzeko akordioa sinatu dute. Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak iragarri dute, gaur eguerdian Bilboko Errekalde plazan egindako agerraldian. 2027 bukaeran hasiko dira Errekalde eta Matiko lotuko dituen trenbidea eraikitzen; Errekalden bertan abiatuko dituzte obrak. Bigarren faserako utziko dituzte Feveren trenbidea erabilita metroa Basurtura, Zorrotzara, Alonsotegira eta handik Enkarterrira luzatzeko lanak. Luzapen hori zen Etxanobek Jaurlaritzari ipinitako baldintza.

Lehen fasean 6,7 kilometroko trenbidea eraikiko dute. Horretarako, 412 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute, baina, lehen aldiz, ez dute obra erdibana ordainduko: Jaurlaritzak aurrekontuaren %55a ipiniko du, eta gainontzekoa, foru aldundiak. Tren azpiegiturak eraikitzeko eta kudeatzeko eskumena Jaurlaritzarena da, baina diputazioak beti ordaindu ditu metroaren lanak. 

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak, gaur, Bilboko Errekalde plazan. BERRIA
Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak, gaur, Bilboko Errekalde plazan. BERRIA

Errekalde eta Matiko arteko zatiak, bada, sei geltoki izango ditu: Errekalde, Irala, Zabalburu, Moyua, Casilda Iturrizar parkea, Deustuko Unibertsitatea eta Matiko. Moyuan lotura izango du lehen eta bigarren lineekin, eta Matikon hirugarren eta bosgarren lineekin. Bosgarren linea eraikitzen ari dira, hain justu, eta Galdakaora eta Usansoloko ospitalera iritsiko da. Hirugarren linearekin gertatzen den bezala, laugarrena eta bosgarrena ere Euskotrenek kudeatuko ditu.

Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, «laugarren lineari esker», metroa Bizkaiko «gizarte eta lurralde kohesioaren zutabe nagusi» modura finkatuko da. Enkarterrirako luzapenak, ordea, oraingoz ez du datarik. Aurretik beste pauso batzuk eman beharko ditu Eusko Jaurlaritzak. Esaterako, lehenengo trenbidea lurperatu beharko dute Zorrotzan. Oraintsu aurkeztu zuten horretarako akordioa Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak, Bilbao Ria 2000 erakundearen urteko bilkura nagusiaren ondoren egindako agerraldian. Horrez gain, Feveren linearen eskumenak ere Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko du lanak egin ahal izateko, eta Espainiako Gobernuak dauka oraindik. Bigarren faseari noiz ekingo dioten jakin ez arren, laugarren linearen luzapenak geltokiak zehaztuta dauzka dagoeneko: Basurtu, Zorrotza, Santa Ageda, Kastrexana eta Irauregi. 

Urteetako eskaera

Historia luzea eta gorabeheratsua du laugarren lineak. Hasierako asmoa zen hirugarren linea Errekaldera ailegatzea eta Txurdinaga-Otxarkoaga inguruarekin lotzea. 2008an, ordea, bitan zatitu zen proiektua, eta erabaki laugarren lineak emango zuela zerbitzua hegoaldeko auzoetan: Matiko-Moyua-Errekalde izango zuen ibilbidea. Nolanahi ere, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango den linearen —hau da, bosgarren linearen— obrak ere aurrea hartu die, eta bizilagunen haserrea handituz joan da urteotan. «Auzotarrek denbora luzeegia daramate linea honen zain», aitortu du Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak. 

Azken urteetan aipatzen zutenaren arabera, Bilboko Abandoko geltokitik abiatuko zen trenbidea Irala eta Errekalde alderantz. Baina, iaz, Eusko Jaurlaritzak diputazioari proposatu zion hasierako ibilbideari eustea azkenean, hau da, hegoaldeko auzoak Moyuako geltokiarekin lotzea. Hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak uzkur hartu zuen aldaketa. Etxanobek esan zuen aztertuko zutela proposamena, baina baldintza garrantzitsu bat ipini zuen: linea horrek etorkizunean Enkarterriri ere zerbitzua ematea. Azkenean, erakunde biek ibilbide hori hobetsi zuten apirilean.

Laugarren linearen aldeko plataformakoen elkarretaratzea, bart, Bilboko Foru Jauregiaren parean.RAUL MENDEZ URIGOITIA
Laugarren linearen aldeko plataformakoen elkarretaratzea, bart, Bilboko Foru Jauregiaren parean. RAUL MENDEZ URIGOITIA

Ordutik zain egon dira bizilagunak, gaurko eguna noiz iritsiko. Atzo bertan laugarren linearen aldeko plataformak elkarretaratzea egin zuen Foru Jauregiaren parean, Etxanobe ahaldun nagusiari presio egiteko. Pradales lehendakariaren arabera, «emandako hitza bete» dute azkenean. Akordioaren eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu ditu.

Errekaldeko hainbat bizilagun elkartu dira eguerdiko aurkezpenera, eta poza nagusi zen haien artean. EH Bilduk ere pozik hartu du albistea, eta Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunak zoriondu ditu. Hala ere, EAJren eta PSE-EEren kudeaketa txarretsi du. Raul Mendez batzarkideak salatu duenez, proiektua «dozenaka milioi euro» garestitu da atzerapenen ondorioz, eraikuntza kostuak handitu direlako eta proiektuak berrikusi eta berriro idatzi direlako. Bigarren faserako ere egutegi bat eskatu du, auzo eta herri haietako bizilagunak ezin direlako luzaroan zain egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.